Iñaki Olidenen idiek zortzigarren egin dute Aizarnazabalen, uztarria birritan puskatuta

Nerea Uranga 2021ko abu. 3a, 15:00

Oliden uztarria aldatzen. (Ibon Errazu Uria)

Atzo, astelehena, jokatu zen hirugarren idi dema saioa Aizarnazabalen, eta La Cruzen idiek irabazi zuten. Iñaki Olidenen idiek parte hartu zuten, baina uztarria bi aldiz apurtu, eta nahi bezalako lana egiteko aukerarik ez zuten izan. 34 plaza eginda zortzigarren gelditu ziren.

Ostiralean, larunbatean eta atzo, astelehena, jokatu ziren Aizarnazabalgo XXIV. Kintopeko Idi Probak, eta Bizkaiko probazaleak izan dira nagusi. La Cruzen (Gatika, Bizkaia) idi pareak irabazi du dema, 10,5 kiloko gainkargarekin, 56 plaza sei zinta eta 2,33 metro eginda. La Cruzek larunbatean jokatu zuen proba. Bigarren Laukizko (Bizkaia) Garagartza elkartearen idiek egin dute, 33 kiloko gainkargarekin, 55 plaza, zinta bat eta 1,17 metro egin dituzte. Hirugarrena, berriz, Billelako (Mungia, Bizkaia) Lopetegi izan da; 87 kiloko gainkargarekin, 55 plaza osatu dituzte haren idiek. Idi dematako sariak banatzearekin batera, Aizarnazabalgo Probazale Elkarteak Luis Arregi Lopene itzain zestoarra omendu du, “idi dematan egindako lan oparoagatik”. Lopenek gazte-gaztetatik itzain gisa urte asko egin ditu, 30 urte hain justu, eta Euskal Herriko hainbat probalekutan aritu da gainera. Probazale elkarteak bertsoekin oroigarri bat eta txapela oparitu dizkiote idi proben alde egindako lana eskertzeko.

Hamar probazalek parte hartu dute Aizarnazabalgo kintopeko idi deman. Euskaldekoak izan dira bi: Errezilgo Bixkiak eta Orioko Oliden. Errezilgoen idi pareak ostiraleko proban parte hartu zuen 13,5 kiloko gai kargarekin, eta 49 plaza, bost zinta eta 0,77 metro egin zituen probalekuan, eta sailkapeneko seigarren postua egin dute.

Iñaki Olidenek atzo iluntzean parte hartu zuen Aizarbazabalgo idi proban. Probalekuan nekeza jarri zitzaion lana, izan ere, bi alditan puskatu zitzaion uztarria. Aurreneko uztarria puskatuta, hori aldatzeko hamar minutu izaten ditu itzainak, eta hori aldatu eta plaza gutxira, ordea, berriro puskatu zitzaion. Idizaleak beste uztarririk ez zeukan aldatzeko, ezta denborarik ere; beraz, halabeharrez ordurarte egindako lanarekin konformatu behar izan zuen, hala nola 34 plaza eta 1,17 metrorekin. Idi probako txapelketan zortzigarren egin du Orioko probazaleak.

La Cruzen idiek irabazi dute Aizarnazabalgo XXIV. Idi Proba. (Ibon Errazu Uria)

La Cruzen idiek irabazi dute Aizarnazabalgo XXIV. Idi Proba. (Ibon Errazu Uria)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide