Ostegunean jarriko dituzte salgai Eragin torneorako eta Euskal Kopako finalerako sarrerak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 2a, 16:30

Abuztuaren 14an izango dira bi partidak, Karelan. Bidasoa Irunek eta Fenix Toulousek hartuko dute parte Eraginek antolatutako torneoan, eta Euskal Kopako finalean, aldiz, Bera Berak eta Zuazok neurtuko dituzte indarrak.

Orio Eragin Eskubaloi Klubak goi-mailako torneoa antolatu du aurten ere. Bidasoa Irun taldea izango da gonbidatuetako bat beste urte batez, baina Frantziako Fenix Toulousen aurka jokatuko du oraingoan. Abuztuaren 14rako jarri dute hitzordua Karela kiroldegian, eta 16:00etan ekingo diote norgehiagokari.

Egun berdinean, gainera, punta-puntako beste partida bat ere izango da Orion: emakumezkoen Euskal Kopako finala jokatuko dute Karelan, 12:00etan hasita. Bera Bera eta Zuazo dira talde finalistak.

Eragineko kideek jakinarazi dutenez, ostegun honetan, abuztuaren 5ean, 09:00etan jarriko dituzte salgai bi neurketetarako sarrerak. Vivetix plataformaren bidez erosi beharko dira tiketak, 7 euroan bakoitza.

  • Bidasoa Irun-Fenix Toulouse partidarako sarrerak lotura honetan egongo dira eskuragai
  • Bera Bera-Zuazo partidarako sarrerak lotura honetan egongo dira eskuragai

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide