Hirugarren izan da Orioko mutilen trainerua Euskadiko txapelketan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 21a, 19:47

(EITB Kirolak)

Aurreneko txandan azkarrena Orio izan den arren, bigarren txandan oriotarrek baino denbora hobea egin dute Hondarribiak eta Donostiarrak.

Lekeition jokatu dute gaur Euskadiko 36. Traineru Txapelketa (13. edizioa emakumezkoen kasuan). Beteranoen eta emakumezkoen ostean uretaratu dira gizonezkoak, eta zortzi ontzi aritu dira nor baino nor. Aurreneko txandan egin dute arraunean Oriok, Bermeo Urdaibaik, Ondarroak eta San Pedrok, eta bigarrenean Hondarribiak, Santurtzik, Donostiarrak eta Zierbenak.

Zozketan hirugarren kalea egokitu zaie oriotarrei, eta helmugaratzen azkarrenak izan dira lehenengo txandan. 19:54.92 denbora egin dute. Bigarren txandan, baina, Oriok baino denbora hobea egitea lortu dute Hondarribiak (19:46.83) nahiz Donostiarrak (19:53.59). Hala, Hondarribiak irabazi du 36. edizioko Ikurrina; bigarren postuan sailkatu da Donostiarra, eta alde oso txikiarekin, hirugarren izan da Orio.

Sailkapena gizonezkoetan

  1. Hondarribia (19:46.83)
  2. Donostiarra (19:53.59)
  3. Orio (19:54.92)
  4. Santurtzi (19:58.21)
  5. Bermeo Urdaibai (20:02.86)
  6. Ondarroa (20:04.96)
  7. Zierbena (20:08.79)
  8. San Pedro (20:26.20)

Emakumezkoetan Arraun Lagunak gailendu da gaurkoan, eta bigarren postua lortu du Oriok. Beteranoetan, aldiz, Badok 13 izan da garaile.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide