Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi jakinarazi ditu joan den ostiraletik atzora bitartean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrietan zenbat positibo hauteman dituen. Dokumentuaren arabera, Orion zortzi positibo detektatu dituzte –launa ostiralean eta larunbatean–, eta herria eremu horian dago 260,93 tasarekin. Aian bi izan dira positiboak, eta 151,13 tasa dute.
Urola Kosta eskualdean aurreko asteburuan atzemandako kasuen bikoitza zenbatu dituzte azken asteburuan; izan ere, aurreko asteko astelehenean 44 positiboren berri eman zuen Osasun Sailak, eta gaur 92. Positibo gehien Zumaian atzeman ditu Osasun Sailak. 33 positibo hauteman dituzten azken hiru egunetan –hamabost ostiralean, hamahiru larunbatean eta bost atzo–, eta eremu gorrian jarraitzen du 824,26ko tasarekin. Zarautzen, berriz, 27 positibo baieztatu dituzte –11 ostiralean eta zortzina larunbatean eta atzo–, eta eremu laranjan sartu da 355,51ko tasarekin. Azkoitian, berriz, hamabi positibo zenbatu dituzte, eta eremu laranjan sartu da 308,77ko tasarekin.
Azpeitian, ostera, bost kasu detektatu dituzte –bat ostiralean eta bina larunbatean eta atzo–; 210,25eko tasa dute han. Getarian, bestalde hiru positibo atzeman dituzte, atzo egindako probetan hirurak, eta 106,01eko tasarekin eremu horira pasatu da. Aizarnazabalen eta Zestoan, berriz, positibo bana hauteman dute. Aizarnazabalen 390,12ko kasu metatuen tasa dute, eta Zestoan 154,08koa. Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik baieztatu.
Milako langa gaindituta
Hego Euskal Herrian 1.040 positibo atzeman zituzten atzo, igandea, egindako probetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 672 positibo baieztatu zituzten atzoko egunean zehar egindako 6.923 probetan; positibotasun tasa %9,7an kokatu da gaur hiru lurralde horietan. Nafarroan, aldiz, 368 positibo zenbatu zituzten atzo. 2.380 lagunek egin zuten PCR edo antigeno proba, eta beraz, testa egindakoen %15,5ek eman zuen positibo atzo lurralde horretan.
Ospitaleen egoeraren berri ere eman du txostenak; izan ere, atzo 23 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 82 lagun daude ospitaleratuta –aurreko astelehenean 50 ziren–. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) egoera aurreko astekoa baino hobea da. Joan den astelehenean zainketa berezia behar zuten 36 herritar zeuden ZIUan, eta egun 28.
Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa adierazten duen R0 indizea behera ari da egiten egunez egun. Egun 1,32an dago kokatuta –1,51koa zen aurreko astelehenean–. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 318,77koa da gaur-gaurkoz.