Hiru kasu positibo atzeman dituzte Orion

Anartz Izagirre 2021ko eka. 16a, 13:08

Dena den, Orion 212ra jaitsi da intzidentzia tasa. Gaur-gaurkoz, eskualdeko herri guztiak eremu horian eta laranjan daude.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Orion hiru kasu positibo izan dira; hala ere, 244,62tik 212ra jaitsi da intzidentzia tasa. Aian, beste egun batez, ez dute kasu berririk baieztatu, eta 50,38an jarraitzen du kasu metatuen tasak.

Atzo herenegun baino sei positibo gehiago hauteman zituzten Urola Kostan; hamar, hain zuzen ere. Kasurik gehien Azpeitian atzeman dituzte, lau hain justu; halere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 243,10era jaitsi da. Eskualdeko gainontzeko positiboak, Orioko hirurez gain, Zumaian eta Zarautzen hauteman dituzte; bi eta bat, hurrenez hurren. Bi herri horietako intzidentzia tasek behera egin dute;  Zumaian 223,87ra jaitsi da eta Zarautzen 77,10era.

Hala eta guztiz, eguneko azpimarra nagusia Azkoitian izan da, hainbat aste eremu gorrian egon ostean laranjara igaro baita. Atzo ez zuten positiborik zenbatu han, eta intzidentzia tasa 342,15era jaitsi da. Halere, Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrietatik intzidentzia tasarik altuena duen herria da oraindik, baita eremu laranjan dagoen bakarra ere.

Urola Kostako beste herrietan ez da positibotik izan, eta honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: Aizarnazabalen 260,08koa, Beizaman hutsa, Errezilen 161,03koa, Getarian 141,34koa eta Zestoan 25,68koa.

Ospitaleetako presioa, behera

Hego Euskal Herrian, guztira, 9.133 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 210 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien (89), eta ondoren, Nafarroan (64), Gipuzkoan (35) eta Araban (20). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo beste bi pertsonak ere positibo eman zuten proban. Positibotasun tasa, berriz, %3,4koa da Nafarroan, eta %2koa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Ospitaleetako egoerak ere hobera egiten jarraitzen du. Gaur-gaurkoz, 138 gaixo daude COVID-19agatik ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 54 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 35 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik bederatzi daude ZIUetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide