Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko da igandean Donostian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 11a, 11:02

Orain arte, traineru denboraldian bete-betean murgilduta zirenean jokatzen zuten elkarteek Gipuzkoako Txapelketa, uztailean, baina aurten aurreratzea erabaki dute. Uda denboraldiko lehen estropada ofiziala izango da igandekoa.

Gipuzkoako Traineru Txapelketak abiatuko du igandean udako traineru denboraldia, eta bertan izango dira Orio Arraunketa Elkarteko taldeak. Normalean, uztailean jokatu izan da lurraldeko txapelketa, baina aurtengoan data aldatu egin dute. Izan ere, Traineruen Kluben Elkarteko klubek eskatu zuten txapelketa guztiak —lurraldeetakoak, Euskadikoa eta Espainiakoa— ligak hasi aurretik jokatzea, baina Gipuzkoako Federazioko batzarrak bakarrik onartu zuen proposamena. 

Hala, igandean 11:00etan hasiko da txapelketa eta hiru mailatan banatuko dute, hurrenkera honetan: beteranoak lehendabizi, senior gizonezkoak ondoren, eta emakumezkoak bukatzeko. Guztira, 25 taldek parte hartuko dute, zazpi txandatan banatuta. Gainera, aurten berrikuntza bezala, emakumezkoen txapelketa izango da jokatzen azkena. Berdintasunaren bidean urratsa egiteko asmoz aldatu du hurrenkera federazioak, "pixkanaka" gauzak aldatzen joateko. Orioko gizonezkoek 4. txandan jokatuko dute estropada, 12:30ak inguruan, eta emakumezkoek 7. txandan, 13:40 aldean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide