Birziklatze etxola jarri dute Orion

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mai. 7a, 11:56

Ixarra kalean, Mendibeltz zelaiaren sarrera inguruan jarri dute birziklatze etxola.

Urola Kostako Udal Elkarteak birziklatzeko etxola jarri berri du Orion, Ixarra kalean, Mendibeltz futbol zelaiaren sarrera inguruan. Bertan, etxeko hondakin arriskutsuak bereizita uzteko aukera izango dute oriotarrek nahi dutenean. Horretarako, etxolaren paretetan dauden zuloetatik barrena sartu behar dituzte hondakinak.

Honako hondakin hauek utzi daitezke birziklatze etxolan:

  • Erabilitako sukaldeko olioa: Itxitako ontzian.
  • Ibilgailuen olioak: Itxitako ontzian. Ez dira onartzen konponketa tailerretako eta antzekoetako olioak.
  • Inprimagailuen toner-karkasak, CDak, disketeak, bideo-zintak eta antzekoak. Ez dira onartzen inprimatzeko osagaiak saltzen dituzten dendetakoak edo arte grafikoen jardueratan sortutakoak.
  • Aerosol ontziak (beteta edo erdi beteta).
  • Fluoreszenteak: Beren bilgarrian.
  • Etxetresna elektriko txikiak: Irabiagailuak, tostadorak, telefono mugikorrak eta abar.
  • Arropa, ehunkiak, osagarriak eta oinetakoak.
  • Termometroak.
  • Pilak: Pila mota guztiak.
  • Erradiografiak. Ez dira onartuko osasun-zentro publiko nahiz pribatuetakoak.
  • Garbiketako produktuak eta etxeko bestelako produktu kimikoak, ontzian itxita eta zehatz mehatz identifikatuta. Ez dira onartuko gisa horretako produktuak saltzen dituzten dendetatik edo laborategietatik datozen eta hondatuta edo iraungita dauden produktuak.
  • Pinturak eta disolbatzaileak: Itxitako ontzietan.
  • Fluoreszenteak.
  • Kontsumo baxuko bonbillak.

Aiako etxolan konponketa lanak
Aiako Lardizabal aparkalekuan ere badago birziklatze etxola bat. Denbora dezente darama zabalik, eta konponketa lanak egiteko erretiratu egingo dutela jakinarazi dute udal elkarteko Hondakinak Biltzeko Zerbitzuko arduradunek. Beraz, datozen asteetan ez da erabilgarri izango.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide