Sei eta hiru kasu izan dira Orion eta Aian ostiraletik igandera egindako frogetan

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 26a, 14:08

Aurreko asteburuan Orion 15 kasu izan zirela kontutan izanik, pasa den honetako datuak hobeak dira . 1.190,48 da herriaren intzidentzia tasa. Aiari dagokionez, asteburuko hiru positiboekin 2.115,87ra igo da tasa. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta datuek beheranzko joera hartu dute Urola Kostan. Orion sei kasu detektatu dituzte, aurreko asteburuan baino 9 gutxiago, eta herriak 1.190,48ko tasa du gaur gaurkoz. Aiari dagokionez, hiru izan dira atzemandako positiboak, eta herriko intzidentzia tasak 2.000tik gorakoa izaten jarraitzen du: 2.115,87, hain zuzen ere.

Urola Kostan 119 kasu atzeman dituzte guztira ostiraletik igandera bitartean, joan zen astelehenean baino 71 gutxiago. Edonola ere,  5.000 biztanletik gorako herri guztiek 400dik gorako intzidentzia tasarekin jarraitzen dute oraindik ere: alegia, itxita daude guztiak, eta perimetralki itxita jarraitu beharko dute beste astebetez gutxienez ere. Horiez gain, Osasun sailak ebatzi du perimetralki itxita jarraituko dutela Aiak , Getariak eta Zestoak, eta zerrenda horretan sartu du Aizarnazabal ere.

Positiborik gehien, beste behin, Zarautzen atzeman dituzte: 53. Joan zen asteko datuekin alderatuta, behera egin dute positiboek, baina intzidentzia tasak gorantz egin du 1.1212,15ean kokatuta. Zumaian gorakada nabarmena izan du intzidentzia tasak astebetean –aurreko astean 492,77an bazegoen, orain 1.333,06an dago (eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena)–, eta aurreko astean bezalaxe, asteburu honetan ere 28 kasu berri hauteman dituzte.

Azkoitian zertxobait hobera egin dute datuek izan ere, 20 kasu berri hauteman dituzte han azken hiru egunetan, aurreko astean baino zortzi gutxiago, eta 1.159,98ko intzidentzia tasa du uneotan; ia 15o puntu jaitsi ditu astebetean. Azpeitian aurreko asteko kopuru bera baieztatu du Osasun Sailak: 17 kasu positibo. Horrez gain, intzidentzia tasak gora egin du eta 611,04an kokatu da une honetan.

Eskualdeko 5.000 biztanletik beherako herrietan beheraka doa COVID-19 gaitzaren hedapena. Aizarnazabalen eta Getarian bina eta Zestoan hiru kasu izan dira. Beizaman eta Errezilen ez dute kasurik hauteman.

Hegoaldean goraka

Guztira, 890 kasu positibo hauteman zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta 10.470 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan. Positiborik gehien Gipuzkoan zenbatu zituzten (356), eta, ondoren, Bizkaian (325), Nafarroan (128) eta Araban (75); lurralde horietatik kanpoko beste sei kutsatu ere. Ospitaleratze kopuruak nabarmen ari dira goraka herrialde osoan: 568 pertsona daude une honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 200dik gora Nafarroakoetan. ZIUetan ere bide beretik doa joera: 192 daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Positibotasun tasari dagokionez, berriz, %8,6koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %7,8koa Nafarroan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide