Hilero Twitterrez bozketa egiten du eskubaloiko Asobal ligak, hilabeteko MPV izendapena –Most Valuable Player, alegia, jokalari baliotsuena– nori dagokion erabakitzeko. Martxoko bozketan, saria Jon Azkue jokalari oriotarrak irabazi du, guztira eman diren 1.566 botoetatik %40,4 lortuta.
Eta jaso berri du oroigarria. Sare sozialetan agertu da Azkue kristalezko sariarekin, eta esker oneko hitzak izan ditu: "Eskerrik asko ni bozkatzeko segundo bat galdu zenuten guztioi. Gora Bidasoa!", idatzi du Twitterren.
Antolatzaileek nabarmendutakoa
Ligako antolakuntzak nabarmendu du Bidasoako jokalaria "denboraldi bikaina" ari dela egiten, eta aipamen berezia egin diote martxoan egin duen lanari. Besteak beste, Quabit Guadalajararen aurka egin zuen partida nabarmendu dute; 11 gol sartu zizkion aurkariari.