Sei eta hiru positibo zenbatu dituzte Orion eta Aian, hurrenez hurren

IƱigo Gaiton 2021ko api. 2a, 14:01

Eusko Jaurlaritzak gaur eman du argitara asteazkenean eta ostegunean egindako proben emaitzekin osatutako txostena. Aiak 755,67ko intzidentzia tasa du gaur gaurkoz, eta Oriok 163,08koa.

Eusko Jaurlaritzak herriz herriko datuekin eguneratu du gaur, ostiralarekin, koronabirusaren datuen gaineko txostena, eta dokumentuak jasotzen duen informazioaren arabera, Orion sei positibo izan dira azken orduetan, eta horren ondorioz 163,08ra igo da intzidentzia tasa. Zifra onak zituen herriak azken boladan, baina okerrera egiteko joera hartu dute azken orduetan. Aiari dagokionez, positiboak izaten jarraitzen dute, eta beste 3 izan direla jakinarazi da gaurko txostenean. 755,67ko tasa du herriak.

Eskualdeari dagokionez, asteazkenean eta ostegunean egindako testetan 36 positibo detektatu dira guztira. Positibo kopururik handiena Azkoitian izan dute, zortzi kasurekin, eta 208,63an dute intzidentzia tasa. Zumaian sei kasu izan dira azken egunetan,  eta 203,52ko tasak dute. Zarautzen, aldiz —209,88ko tasa—, bost kasu zenbatu ditu Osakidetzak.

Azpeitian lau kasu zenbatu dituzte, eta 151,12an dute tasa momentu honetan, eta Getarian —212,01— hiru izan dira. Zestoan, berriz, kasu bakarra zenbatu dute —231,12ko tasa—. Gainontzeko herrietan ez da positiborik izan.

Azken egunetan izaten ari den goranzko joera nabarmenaren ondorioz, eskualdeko bost herri daude eremu horian momentu honetan: Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaia, hain zuzen ere.

807 positibo hegoaldean

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak jakinarazi dutenez, guztira 807 detektatu dira atzo Hego Euskal Herrian egindako probetan. Araban 92 izan ziren, Bizkaian 264, Gipuzkoan 207 eta erresidentzia kanpoan dutenen artean lau. Positibotasun tasa %6,57 izatera pasatu da

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 46 lagun ospitaleratu zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gaur gaurkoz, 284 pertsona daude ingresatuta, horietatik 91 Zainketa Intentsiboen Unitatean. RO Indizeari dagokionez, 1,08koa da bataz beste hiru lurraldeetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide