Eusko Jaurlaritzak eguneratu du ditu izurritearen gaineko datuak. Horien arabera, Orion ez da positiborik izan azken orduetan, eta Aian hiru detektatu dituzte. Astelehenetik gaurdaino egindako testetan, Aian sei positibo izan dira denera, eta horren ondorioz, intzidentzia tasak gora egin du. Grafikoan ikus daitekeen modura, 114,16an kokatu da gaur, goranzko joera argiarekin. Oriori dagokionez, azken asteko datuak izan dira, eta asteburuan hiru positibo izan baziren ere, hurrengo egunetan ez da kasurik izan. Izurritea zenbaki apaletan dago egonkortua Orion, azpialdeko grafikoak erakusten duen modura.
Eskualdeari dagokionez, Osakidetzak hamasei kasu detektatu ditu denera azken orduetan. Bigarren egunez jarraian, Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien: bost. Hala eta guztiz ere, beste egun batez jaitsi eginda 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa han, eta gaur-gaurkoz 239,86koa da.
Bestalde, hiruna kasu zenbatu dituzte Azpeitian eta Zumaian. Azpeitian igo egin da intzidentzia tasa, 118,27tik 124,84ra; dena den, Urola Erdiko herririk handienean urrun dute oraindik eremu gorria. Horrez gain, Zumaian ere gora egin du intzidentzia tasak, 193,34tik 203,52ra.
Eskualdeko gainontzeko kasuak Azkoitian eta Zestoan zenbatu dituzte, kasu bana herri bakoitzean. Azkoitia da 5.000 biztanletik gorako herrietatik tasarik baxuena duen eskualdeko herria; izan ere, 75,11 da hango tasa, eta oso gertu dute eremu berdea. Zestoan, berriz, 282,49ko intzidentzia tasa dute oraindik. Bestalde, Urola Kostako gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman.
Positibotasun tasa, gora
Hego Euskal Herrian datu ezkorrak utzi dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuek. Izan ere, 12.086 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta horietatik 811 pertsonak eman zuten positibo, herenegun baino 125 pertsona gehiagok. Positibo gehien Bizkaian (293) atzeman zituzten, eta, ondoren Nafarroan (207), Gipuzkoan (199) eta Araban (104). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko zortzi herritarrek ere positibo eman zuten. Gauzak horrela, nabarmen egin dute gora positibotasun tasek: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %6koa da tasa, eta, Nafarroan, %8,6koa.
Erietxeetako datuei erreparatuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 227 pertsona daude ospitaleratuta —atzo baino hamalau gutxiago—. ZIUetan, aldiz, gora egin du erien kopuruak, eta 87 pertsona daude hiru lurraldeetan, atzo baino lau gehiago. Nafarroako Gobernuak ez du ospitaleratzeen berririk eman.
Neurri murriztaileak zorrozten
Kasu positiboen gorakada ikusita, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak Aste Santurako neurriak zorroz ditzakete egunotan. Labik gaur egingo du bilera 16:30ean, eta lurralde historikoen arteko muga perimetralak berriro ezartzea eta establezimenduen ordutegiak mugatzea izango dituzte hizpide, besteak beste. Nafarroako Gobernuak ere gaur emango du Aste Santurako neurri murriztaileen berri.