Positibo bakarra izan da Orion azken orduetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 17a, 13:39

424,01ekoa da intzidentzia tasa Orion, eta herriak eremu laranjan kokatuta jarraitzen du. Aian, aldiz, ez dute kasurik detektatu azken orduetan.

Eusko Jaurlaritzak eguneratu ditu izurritearen gaineko datuak, eta horien arabera, Orion positibo bakarra detektatu dute atzo egindako probetan. Hala, herriko intzidentzia tasak beheranzko joerarekin jarraitzen du, eta 424,01era jaitsi da. Aian, aldiz, ez dute kasurik atzeman azken orduetan.

Eskualde mailan, indarrean jarraitzen du positiboen beheranzko joerak, atzo zazpi kasu berri baino ez baitzituzten zenbatu eskualde osoan. Kosta aldean atzeman zituzten kasu gehienak, hain zuzen, hiru Zumaian, bi Zarautzen eta Orion. Dena den, hiru herrietan egin du behera 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasak: gaur-gaurkoz, 274,13koa Zarautzen eta 172,99koa Zumaian. Zenbateko horiekin bada aldaketarik kostako semaforoko argietan, beraz: Oriok eremu laranja izaten jarraitzen du eta eremu horia Zumaiak, baina eremu laranja atzean utzi eta horira igaro da Zarautz.

Azkoitian kasu positibo bat detektatu zuten atzokoan baina, azken zazpi egunetan, bi kasu baino ez dituzte zenbatu orotara. Une honetan 150,21ekoa da intzidentzia tasa eta, hortaz, semaforoko argi horiak piztuta jarraitzen du han.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestuan ez zen emaitza positiborik izan atzoko probetan. Hala ere, 308,8ko intzidentzia tasarekin, Azpeitia eremu laranja da oraindik.

600dik behera kasu Hego Euskal Herrian

Atzo 13.463 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, herenegun baino 2.152 gehiago. Hala, emaitza positiboen kopurua ere herenegungoa baino altuagoa izan zen atzokoan: 512 kasu positibo baieztatu zituzten herenegun, eta 559 atzo –327 Bizkaian, 109 Gipuzkoan, 60 Nafarroan, 56 Araban eta zazpi beste lurralde batzuetan–.

Atzo %4,6koa izan zen positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino puntu bat gutxiago. Nafarroan, aldiz, atzokoan erregistratu zuten positibotasun tasarik baxuena uztailaren 16tik: %2,3.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide