Orioko Atletismo Taldeko kideak Donostian izan ziren larunbatean, Espainiako eta Euskadiko txapelketetan parte hartu ahal izateko gutxiengo denborak markatzeko lasterketan. Herriko korrikalariek 3.000 metroko lasterketan parte hartu zuten, eta horien artean nabarmentzekoa da Martin Iriondok lortutakoa; lasterkari gazteak Euskadiko errekor berria ezarri zuen —hamasei urtetik beherakoen artean—, helmugan 09:05.75 denbora lortu eta gero. Jarritako helburua ondo beteta itzuli zen etxera.
Taldeko korrikalari gehiagok ere parte hartu zuen 3.000ko lasterketan: Iñigo Exposito, Xabat Elortza, Aitor Rubio, Kamel Ziani, Jokin Bellido, Ibai Makazaga eta Javi Roman izan ziren Donostian lehian, hain zuzen ere. Bestalde, Jokin Aizpurua taldekideak ere parte hartu zuen 800 metroko lasterketan. Azaldu dutenez, lortu zituzten denborekin "oso gustura" daude, taldekide batzuek marka pertsonalak haustea lortu zutelako.