500eko langa gainditu du Orioko intzidentzia tasak eta eremu gorrian sartu da. Ondorioz, gaurtik aurrera herria itxita dago: sartu-irtenak mugatuak izango dira, ostalaritza sektoreak ateak itxi ditu eta eskola-kirola ere ezingo da egin.
Herritar askok zalantzak dituzte kirola egiteko neurri berrien inguruan, eta udalak argitu du bakarka kirola egin ahal izango dela, baina herritik atera gabe. Taldean ezingo da kirolik egin, salbuespen gutxi batzuk kenduta: talde profesional edo erdiprofesionalak, kiroldegiko ikastaro edo jarduera programatuak… Hala, Orioko Karela kiroldegiko arduradunek azaldu dute kiroldegiak ohiko martxarekin jarraituko duela eta ez dela aldaketarik izango eskaintzen dituen zerbitzu eta ikastaroetan. "Segurtasun protokoloak bermatzen jarraituko dugu, jarduera fisikoa era osasuntsuan egiteko", zehaztu dute.