Ezbeharra izan da Antilla hondartzan arratsaldeko hiru eta erdiak aldera. Hondartza inguruan lur hartzeko asmoarekin zebilen parapente-zale bat uretara erori da, harrobi aldean, ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko. Erori eta gero, uretara bidean zen herriko surflari bati oihuak egin dizkiote talaiatik, abisua emanez, eta hura joan da erreskatea egitera.
Surflariak azaldu duenez, parapente-zaleak zailtasun handiak zituen uretatik ateratzeko, hankak-eta sokekin bueltan hartuak zituelako. Pixkanaka, surflaria eta parapente-zalea urizkinera hurreratu dira, eta, han, surflari eta jende gehiagoren laguntzarekin, lehorrera ateratzea lortu dute.
Han zirenek azaldutakoaren arabera, ezbeharra izan duen pertsonak ez du lesiorik izan, baina hotzak akabatzen lehorreratu da, uretan 10-15 minutu egin dituelako. Anbulantzian sartu dute gero, gorputzaren tenperatura errekuperatzeko.
Argazkiak: Iñigo Gaiton