Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusi Angel Luis Ortizek agerraldia egin du Espainiako Kongresuan, eta bost presoren lekualdatzearen berri eman du. Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideek poz handia hartu dute berria jakin dutenean. "Patxik eta Olatzek oraindik ez dakite Martutenera lekualdatuko dituztela. Abokatuak Lasagabasterren amonari deitu dio, eta presoek biharko deiarekin jakingo dute albistea".
Plataformako kideek gogorarazi dute pandemia garaia "oso gogorra" izan dela Urangaren eta Lasagabasterren alaba Xuarentzat. "Urtarrilean atera zen Xua Picassenteko espetxetik, eta otsailetik ezin izan ditu gurasoak ikusi, aurrez aurreko bisitak eten egin dituztelako pandemiagatik. Oso egoera gogorra da hiru urteko haurrarentzat, eta espero dugu laster haurrak gurasoekin eta ahizpa txikiarekin biltzeko aukera izatea". Izan ere, uztailean jaio zen Maddi, Urangaren eta Lasagabasterren bigarren alaba.