Orioko elkarteek ez dute murrizketarik izango 2020ko dirulaguntzetan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko aza. 4a, 11:31

Apirilean hainbat diru partida izoztea eta dirulaguntzak %25 jaistea erabaki zuen udalbatzak, baina udako diru-sarrerak hasieran uste zena baino hobeak izan dira, eta bertan behera utzi dute apirilean hartutako erabakia.

Pasa den ostegunean ohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta, besteak beste, aho batez erabaki zuten herriko elkarteei 2020ko dirulaguntzak osorik ordaintzea. Izan ere, apirilaren 30ean egindako ohiko bilkuran, onartu zuten aurrekontuko zenbait partida «izoztea» eta herriko elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzak %25 jaistea, ekitaldi ekonomikoaren eboluzioa nolakoa den ikusi arte, COVID-19ak sortutako pandemia egoeragatik egoera txarra izango zela aurreikusita.

Dena dela, udalak jakinarazi du udako diru-sarrerak hasieran uste zena baino hobeak izan direla, kanpinekoak eta TAO makinenak, bereziki; horregatik, erabaki dute partiden izoztea bertan behera uztea eta dirulaguntzak osorik ordaintzea. Modu horretan, udalak herriko talde eta elkarteek egiten duten lana balioan jarri nahi izan du erabaki horren bidez, "gure elkarteak oso inportanteak dira-eta Orioko gizarte-sarea ehuntzeko", nabarmendu dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide