Ostiralean estreinatuko dute Do Re Ni proiektuaren Eusko Ikaskuntza musikala

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ira. 29a, 10:05

Musikalarekin boluntarioak estimulatu nahi izan dituzte, musika terapia zahartzaro aktiboa izateko onuragarria dela erakusteko.

Do Re Ni proiektuko boluntarioak ikerketa prozesuan murgilduta daude, eta egindako lanaren emaitza ikusteko aukera izango da asteburuan. Izan ere, ostiraletik igandera, boluntarioek Eusko Ikaskuntza musikala eskainiko dute estreinakoz, Orioko Karela kiroldegian.

Do Re Ni proiektuaren zuzendari Xabier Lizasok azaldu duenez, musikala aitzakia bat da ikerketarako. "Ikerketaren helburua da zientifikoki frogatzea musika terapia oso onuragarria dela zahartze aktiboa lortzeko. Hala, lehen lanketan boluntarioak estimulatzea izan dugu helburu, eta, horretarako, emozionalki esperientzia bizia eta indartsua sortu nahi izan dugu, batez ere denbora gutxi dugulako proiektua garatzeko", adierazi du. Izan ere, hasieran proiektu luzeagoa egiteko asmoa bazuten ere, ikerketa motza egiteko finantziazioa lortu du Do Re Nik, eta COVID-19aren pandemiak are gehiago murriztu du epea, gainera. Dena dela, proiektuak aurrera jarraitzen du, eta Lizasok zehaztu duenez, ostiralean Osakidetzako hainbat arduradun boluntariorekin bilduko dira, haien bizipenak ezagutzeko. Ikerketaren azken emaitzak, berriz, abenduan izango dituzte.

Boluntarioek lan "bikaina"
Eusko Ikaskuntzaren sorrera hartu dute gaitzat musikala egiteko, Do Re Ni proiektuaren lehen fasean. Antzerkia, kantua  eta dantza uztartu dituzte horretarako, eta Xabier Lizasok aitortu du boluntarioak lan «bikaina» egiten ari direla. "Gainera, giro ederra sortu da parte hartzaileen artean. Oso gustura nago egiten ari garen lanarekin. Taldearen erdia musikaren munduan ibilitakoa da, baina gainerakoentzat  guztiz berria da gaia. Horregatik, hasieran saiatu ginen kantatzeko eta buruz ikasteko erraza zen obra konposatzen, musikal batek izan dezakeen konplexutasuna aritzeko». Dena dela, entseguekin hasi orduko, Lizaso ohartu zen nahikoa azkar eta ondo ikasten ari zirela boluntarioak, eta aldaketak egin zituen plangintzan, «ez genuelako errazegia izaterik nahi".

Musikalerako sarrerak erreserba eginda 
Eusko Ikaskuntzaren musikala ostiralean, larunbatean eta igandean taularatuko dute Orioko Karela kiroldegian, eta egunero bi emanaldi eskainiko dituzte: bata, 20:00etan eta bestea 22:00etan. Sarrerak doakoak izango dira, baina erreserbatu egin behar dira 627 65 83 93 telefono zenbakira deituta. Txartelak Orioko Kultur Etxean jaso beharko dira

Bestalde, musikal baten xehetasun guztiak izango ditu emanaldiak: jantziak, orrazkera, makillajea, argiak... "Oso serio hartu dugu musikala, uste dugulako horrek ere boluntarioak estimulatzeko balio duela", adierazi du proiektuaren zuzendariak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide