Mendibeltz futbol zelaiko belar artifiziala aldatzen hasi dira

IƱigo Gaiton 2020ko ira. 9a, 17:06

Ondo bidean, futbol denboraldia urriaren 18an hastea aurreikusten dute, eta ordurako zelaiko lanak bukatuta izan nahi dituzte.

Atzo hasi ziren Mendibeltzen belar artifizial zaharra kentzen, eta hiruzpalau egun emango dituzte horretan. Belarrak hamalau urte bete ditu, eta Maria Eugenia Atxega Orioko Futbol Taldeko presidentearen hitzetan, aldatzeko premia zuen: "Denboraldian zehar jende asko pasatzen da zelaitik: Orioko 9 talde, eskola kiroleko haurrak, softbolekoak, Keta futbol taldekoak... Hori dela eta, higatuta zegoen, egoera nahikoa kaskarrean".

Belar zaharra altxatakoan, lurzoruan ere konponketak egingo dituzte, urarekin izan ohi zuten arazoa konpontzeko. Horretarako bi aste inguru beharko dira. Azkenik, belar berria jarriko dute. "Lanak urria erdialderako bukatzea aurreikusten dugu. Osasun krisiak utziz gero, urriaren 18an hasiko dira aurtengo futbol partidak, eta ordurako zelaia prest egotea gustatuko litzaiguke", adierazi du Atxegak baikor.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide