Ibai Marin bigarren diskoa grabatzen ari da egunotan AME estudioetan

IƱigo Gaiton 2020ko abu. 26a, 12:15

Musikariak 'crowdfounding' proiektua abiatu zuen uda hasieran, diskoa egin ahal izateko baliabide ekonomikoak lortzeko, eta lortu du helburu gisa jarritako diru kopurua biltzea, 98 lagunen ekarpenari esker.

Ibai Marin eta bere taldea orduak egiten ari dira Mutrikun azken egunotan, Axular Eizmendiren estudioan, musikariaren bigarren diskoa grabatzen. Estudioko lanak oso aurreratuta dituzte dagoeneko, eta, ziurrenik, aste honetan amaituko dituzte grabaketak.

Marinek sare sozialetan argitara eman duenez, gustura dago disko berria hartzen ari den itxurarekin, eta punta-puntako musikariekin lan egiteko aukera izan du grabaketetan. Musikaria pozik agertu da, besteak beste, kantu berrietan baxua Chapo Gonzalezek grabatu duelako, M-Clan eta beste hainbat talde ezagunetako baxujoleak. Gonzalezek Madrilen grabatu zituen bere zatiak, eta internet bidez iritsi zitzaizkien Marin eta taldekideei Mutrikura.

Diskoa nahi bezala egiteko aukera izaten ari da Orion bizi den musikaria, 'crowdfunding' bidez baliabide ekonomikoei esker. 98 lagunek parte hartu dute diru-bilketan, eta denen artean helburutzat jarritako 4.200 euroko langa gainditzea lortu dute. Ondo bidean, Marinek urte amaieran emango du argitara disko berria.

 

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide