Realak jakinarazi du hitzarmena sinatu duela Portugalgo Associação Académica de Coimbra taldearekin Zourdine Thiorrek bertan joka dezan. Oriotarra Portugalen da dagoeneko, eta gaur ekingo die entrenamendu saioei Coimbra taldearekin. Thiorrek aitortu du "oso gustura" dagoela proiektu berriarekin, baina badu herrimina ere. "Hasiera nahiko tristea izan da niretzat, atzean utzi ditudalako familia eta lagunak. Dena dela, oso ondo hartu naute Portugalen eta gustura nago hemen. Gainera, lagunen babesa izan dut beti, eta hori oso garrantzitsua izan da niretzat proiektu berriaren aldeko apostua egiteko orduan", azaldu dio Thiorrek KARKARAri. Académica de Coimbra historia handiko taldea da, eta, gaur egun, Liga de Honran jokatzen du, Portugalgo bigarren mailako futbol ligan, hain zuzen ere.
"Onena" opa dio Realak Thiorri
Realak bere esker ona adierazi dio Zourdine Thiorri klubaren alde erakutsi duen konpromisoagatik. Jubenila zela iritsi zen oriotarra taldera, eta bide polita egin du bertan. Horregatik, Realak "onena" opa dio bere etorkizun pertsonal eta profesionalean.