Orioko Ostargi elkarteak 28 urte daramatza herrian esku-lanak eta joskintza lantzen, eta gaur goizean egindako ezohiko batzarrean, zuzendaritza batzorde berriak hartu du elkartearen gidaritza. Hala, Marian Lazkano izango aurrerantzean elkarteko lehendakaria, Rosana Arruti idazkaria, Ninosthka Gozategi diruzaina, eta batzordekideak izango dira Rosaura Bravo, Mari Luz Larrañaga, Elisabet Bello eta Rita Portularrume.
Joaquina Gambero lehendakari ohiaren, eta aurreko zuzendaritzako kide Victoria Aurelia Fernandez, Josefa Gonzalez, Arantxa Gereka, Martina Arevalilloren lekukoa hartu du zuzendaritza berriak, eta zuzendaritza utzi duten emakumeei eskerrak eman dizkie batzorde berriak elkartean egin duten lanagatik. "Oro har, 28 urtetan zehar Ostargin aritu diren emakume guztien lana aitortu nahi dugu, lan bikaina egin dutelako", azaldu du Maria Lazkano lehendakariak.
Ostargin esku-lanak eta joskintza lantzen dituzten bitartean, beste hainbat balio ere hartzen dituzte kontuan; hala nola, ingurumenaren zaintza, materialen berrerabiltzea bultzatuz, eta gizarte laguntza. Ildo horretan, hainbat proiektu jorratu dituzte azken hilabeteetan: maskarak eta mantalak egin dituzte osasun langileak COVID-19arengandik babesteko, eta Saharako emakumeei beraiek egindako oihalezko konpresak ere bidali dizkiete.
Proiektu horiek guztiak joskintza arloan garatu dituzte, eta jakinarazi dute ireki dutela epea datorren ikasturteko joskintza ikastaroan izena emateko. Horretarako, ostargi123@hotmail.com posta elektronikora mezua idatzi edo 699204494 telefono zenbakira deitu dezakete interesa dutenek, abuztuaren 16a bitartean. Bestalde, joskintzaz gain, beste ikastaro batzuk ere martxan jarriko dituztela azaldu dute, eta informazio zehatzagoa dutenean jakinaraziko du Ostargi elkarteak.