Ezohiko San Pedro eguna da gaur

Karkara 2020ko eka. 29a, 10:01

Gaur eguerdian etxafuegoa botako du Udalak udaletxetik eta korporazioko kide batzuek San Pedro eguneko meza nagusian parte hartuko dute.

Ekainaren 29a, San Pedro eguna da gaur, baina ez dago ohiko festa girorik kalean. Izan ere, COVID-19ak sortutako osasun-krisia dela-eta, Orioko Udalak erabaki du aurten San Pedro jaietako programarik ez antolatzea, herritarren segurtasuna zaintzeagatik. "Aurtengoa, beraz, aspaldiko San Pedro egunik arraroena izango da, kaleko festarik gabe eta ospakizunik gabe", azaldu du Orioko Udalak.

Dena dela, argazkian ikusten den bezala, Udalak herriko bandera eta ikurrina zintzilikatu zituen atzo udaletxeko balkoian, urtero egiten duen bezala, herritarrei gaur San Pedro eguna dela gogorarazteko. Banderak bertan izango dira San Pedro bigarrenera arte. Horrez gain, gaur eguerdian etxafuegoa botako du Udalak udaletxetik eta korporazioko kide batzuek San Pedro eguneko meza nagusian parte hartuko dute.

Udalak osasun-agintariek emandako aholkuei kasu egiteko eta elkar zaintzeko eskatzen die herritarrei, guztion segurtasuna bermatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide