PAPEREKOA

Konbergentzia

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2020ko eka. 13a, 15:30

"Dena aldatuko da" genioen, baina ia denak berdin jarraitzen du.

Dibergentzia garaian bizi gara, niaren eta bestearen arteko banantze etengabean. Hobeto aterako ginela zulotik zioten, gizarte hobea izango ginela hau dena amaitzean. Kolektibotasuna da mezu horren arima, baina arima hori iritsiko ote da gorpuztera?

Guztion artean lortuko dugula diogu, baina ez dakigu zein diren horiek guztiak, zer osotasuni egiten diogun erreferentzia. Kolektibitate horretan guztiok kabitzen ote garen ala ni bezalakoak ez direnak ez ditudan kontuan hartzen. Edo erdibideko zerbait: kontuan hartzen ditut, baina gutxi.

Etxean geratu. Zakurrak banaka paseatuko ditut. Balkoiko inkisidoreak. Lanera joateak hil egingo gaitu. ERTEak. Umeak ere banaka paseatu. Komertzio txikiei lagundu. Kontsumitzera bultzatzen gaituzte. Albokoari lagundu. Zortzietan txalo egitera. Bederatzietan manifa. Nik ez dut txalorik joko. Taberna askok itxi egin beharko dute. Ezin dut ondoko herrira joan, baina mozkortu naiteke. Bozkatu ez. Festa bai. Bozkatu bai. Utzi bi metro. Ez jantzi maskara. Diktadura!

Beti kexaka ari eta hobetzeko proposamenik ez dutenak. Inork baino balio erantsi handiagoa dutela pentsatzen dutenak. Norbere buruari baino, norbere zilborrari begira daudenak. Mundua beti kontra dutela esanez bizi direnak.

Ez dira mezu konpatibleak eta etenik gabe entzun ditugu. Gu ondo eta besteak gaizki. Indibidualismoak atera du zalaparta. Nirekin edo nire kontra. Enpatia baztertuta geratu da norberaren superbibentzian. Transbertsalitatearen ahanztura. Esnobismoaren alarde konstantea.

Momentuko gauza dela esango dute askok, baina nire honetan pentsatzen hasia nago ez ote den jada garenaren isla absolutu bat, bat-batean bortizki proiektatuta geratu dena, pandemiak eragindako aldaketak zetozen abiaduran asimilatzeko ezintasunak agerian utzi duena.

“Dena aldatuko da” genioen, baina ia denak berdin jarraitzen du: egoera anormalean jaio zirenak egoera anormalak hil ditu, boomerren egoa zerurainokoa da, millennialok etengabeko krisian bizi gara eta belaunaldi berriari izena jarri zaio baina izanik oraindik ez.

Hau guztia amaitzen denerako utzi dugu bizitza, hau guztia bizitzaren parte ez balitz bezala. Elkarrekikotasuna inoiz baino beharrezkoagoa ez bailitzan. Dibergentzia lehenbailehen konbergitzen badugu, bizitza posponitzeari utzi eta daukagunari ahalik eta sendoen heltzen badiogu, honekin guztiarekin bizitzea (eta ez amaitzea) arinagoa izan daiteke.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide