Bazeuden orain egun batzuk Orion arroketan itsasoari begira Amaia, Aitor, Josu, Jon, Aratz eta Zigor, eta hara non, "zabor artean", plastikozko botila txiki bat ikusten duen horietako batek, Zigorrek. Berriz begiratu botilari, eta barruan mezu bat ez zegoen ba! "Sekulako irribarrea eragin zigun han geunden sei lagunoi", gogoratu du horrek. "Arroketan eserita geunden, begiratu nuen albo batera, eta hantxe ikusi nuen botila, mezu eta guzti. Plastikozko botila arrunta zen, baina barnean Alemaniako familia batek idatzitako mezua zeraman".
Portugaldik bidalia zen mezua, Algarvetik, orain bost urte. Mezuan horixe ageri zen, behintzat, 2015.urtea. "Botila berri-berri zegoen, eta horrek erakusten du plastikoak zenbat irauten duen", iritzi dio. Honela zioen mezuak, ingelesez: "Pauline eta Ferdinand anai-arrebak gara, 3 eta 7 urtekoak. Mesedez bidali gutun bat botilako mezu hau aurkitzen duzuenean. Alemaniakoak gara. Besarkadak eta musuak. Algarven, Portugal, 2015eko apirilaren 4an".
"Milioi bat euro aurkitu izan bagenitu bezala"
Sei lagunek momentuan bertan atera zuten argazkia botila eta mezua ikusten zirela, eta gutuna bidali zioten familiari Alemaniara, haiek mezuan jarri zuten helbidera, taldeko argazki eta guzti. "Gutunean azaldu genien nola aurkitu genuen botila elkarrekin bizi ginen lagun talde batek, sekulako poza hartu genuela, eta euskaldunak ginela. Erantzuna gustura jasoko genukeela, eta nire etxeko helbidea eman nien. Argazkian ere ikusten zaigu sekulako irribarrea, milioi bat euro aurkitu izan bagenitu bezala, kar-kar". Erantzuna ere ingelesez joan zen Alemaniarantz.
Oraindik erantzunik ez dute jaso bueltan, baina zain daude. "Bost urte hauetan etxez aldatu badira ez zaie iritsiko, eta pena izango litzateke. Ez nago kristoren buru-janarekin, baina ilusioa egingo liguke erantzuna jasotzeak", esan du Zigorrek. Baina, benetakoa ote mezua?... Zigorrek ez du horretan pentsatu ere egin: "Baietz espero dugu! Bestela a zer bajoia! Ez da egunero aurkitzen horrelako mezu bat, eta ilusio handia egiten du".
Goiko irudian, botilaren barruan zegoen mezua. Behekoan, Zigorrek eta bere lagunek bueltan bidalitako gutunaren zirriborroa.