Espainiako Gobernuak goizean eman du argitara aldizkari ofizialean 10.001 biztanletik beherako herrietan kalera ateratzeko eta ordutegiak kentzeko agindua. Publiko egin duten momentutik indarrean da agindu berria. Zehaztu dutenez, hurrengo fase aldaketara arte izango da martxan; gauzak ondo bidean badoaz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan datorren astelehenera arte, maiatzaren 25ean eman daitekeelako bigarren faserako urratsa.
Gaur argitaratu duten aginduak, ordea, hasiera batean espero ez zen ñabardura bat du: biztanle kopuruaz gain, dentsitatea ere kontutan hartu beharko dute herriek agindu berria aplikatu ahal izateko. Kilometro karratuko 100 biztanletik beherako dentsitatea duten udalerrietan ordutegi-askatasunaz gozatzeko aukera dute gaurtik aurrera; Orion ez da horrela izango, herriak 601,54 biztanle/km2-ko dentsitatea duelako.