Muntoko behin-behineko aparkalekua itxi egingo du Udalak

Karkara 2020ko mai. 14a, 08:43

Babes ofizialeko alokairuzko etxeak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak orube horretan. Obra hasteko, 2022a izango da gutxienez, baina Jaurlaritzak orube hori libratzeko eskatu dio Udalari

Orioko Udalak jakinarazi du itxi egingo duela Muntoko partzelako behin-behineko aparkalekua, ostegun honetatik hasita. Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu du udalak, eta harena da orain aparkalekuko lurra. Babes ofizialeko alokairuzko etxeak egingo ditu Jaurlaritzak orube horretan. Obra hasteko, 2022a izango da gutxienez, baina Jaurlaritzak orube hori  libratzeko eskatu dio Udalari, bertan isuri kaltegarririk ez izateko eta lurra ahalik eta garbien egoteko lanak hasten direnerako. Horregatik, udalak orube horretako behin-behineko aparkalekua ixtea erabaki du.

Udalaren eskerrak bertako bizilagunei
Behin-behineko izaeraz ireki zen aparkaleku hori eta urte askotan egon da zabalik. Inguruko bizilagunek, ondorioz, zarata, hauts eta eragozpen franko jasan behar izan dituzte urte guztiotan eta, horregatik, Udalak barkamena eskatu nahi die eta eskerrak eman izan duten pazientziagatik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide