Kantariko Arraun Elkarteak prest ditu KAE1, KAE2 eta ETE ligetako estropadak jokatzeko sistema eta segurtasun protokoloa. Hiru ligetako estropadak zer baldintzetan egingo dituzten zehaztu dute: uztaileko lehen asteburuan abiatu nahi dute denboraldia, beti ere pandemiaren bilakaeraren arabera. Astero estropada bakarra egitea proposatzen dute, beti egun eta toki berean. Horrela, bederatzi zita izango dira denera, eta Pasaian, Getarian eta Castro Urdiales egingo dituzte.
Bestalde, ligak balekotzat emateko gutxienez sei jardunaldi jokatzea adostu dute. Liga bereko bi klubek lehiatzeari uko egingo baliote —koronabirus positiboak dituztelako—, liga hori bertan behera geratuko litzateke. Denboraldi amaieran, ez da kanporaketarik jokatuko KAEko bi ligetan; lehen mailatik bi jaitsiko dira, eta bigarrenetik bi igo.