Aste luzez etxean egon ostean, Espainiako Gobernuak kirola egitera ateratzeko baimena eman zien herritarrei larunbatean. Bada, Orioko udaltzainek adierazi dutenez, asteburuan jarrera desegoki asko ikusi zituzten herrian: lagun multzoak berriketan, etxe berekoak ez diren herritarrak elkarrekin kirola egiten, distantzia gutxi pertsona batetik bestera... Hondartzako malekoian izan ziren jende pilaketa nagusienak.
Itxaspeko bidean ere izan ziren arazoak. Udalak otsaila amaieran itxi zuen ibilbidea, goiko errepidean obra batzuk egiteko, eta oinezkoek eta autoek debekatua dute han ibiltzea ordutik. Azken egunotan, larunbatean, astelehenean eta asteartean zehazki, debekua adierazten duten burdinazko hesiak botata topatu dituzte udaltzainek; hori dela eta, Itsaspeko buelta egin duten hainbat herritar identifikatu dituzte: bederatzi asteartean, eta gaur goizean, osteguna, beste bost.
Udaltzainek adierazi dute helburu "hezitzailearekin" hasi direla jendea identifikatzen, eta herritarrei "koherentziaz eta arduraz" jokatzeko eskatu diete. Azaldu dutenez, litekeena da udalak Itxaspeko buelta datorren astean irekitzea, eta ordura arte han ez ibiltzeko eskatu dute.
Jarrera aldaketarik atzeman ezean, hurrengo urratsa isunak jartzen hastea dela nabarmendu dute, haien nahia hori izan ez arren.