Espainiako Gobernuak paseatzea eta kirola egitea baimendu du, baina nork bere udalerriko mugen barruan egin behar ditu jarduera horiek. Horregatik, KARKARAk hiru ibilbide proposatzeko eskatu dio Talai Mendi Elkarteko presidente Bittor Andresi. Mendizale oriotarrak azaldu duenez, asteburuan jendetza atera da kalera, oinez eta bizikletan; nahi izanez gero, ordekan nahiz mendian ibilaldi ederrak egiteko aukera ematen baitu herriak. "Mendi elkartetik antolatuta genituen irteera guztiak bertan behera geratu dira, baita udaberriko eta udako mendi lasterketa gehienak ere. Kukuarri Astea atzeratzea erabaki dugu; gure asmoa da egitea, baina ez dakigu horretarako aukerarik izango ote dugun, konfinamendutik ateratzeko faseen garapenak baldintzatuko baitu. Dena dela, datozen asteetan behintzat, Orioko mendi aldeaz gozatzeko aukera izango dugu", azaldu du Andresek.
Orioko lau puntak
H letraz ezagutzen dute Talai Mendiko kideek Orioko lau puntak lotzen dituen ibilbidea. Barra punta, Ortzaika, N-634 errepideko zubia zeharkatuta, Motondo eta kanpoko espigoia. Ibilbideak H forma du, eta 18 kilometro inguru ditu. Errioaren inguruan egiten den ibilbide atsegina da, aldapak gustatzen ez zaizkienentzat aproposa. Gainera, ibilbide osoa osatu nahi ez dutenek, kilometro gutxiago ere egin ditzakete ibilbide horren barruan, bakoitzaren gaitasun mailaren arabera.
Santiago bidea
Sanmartigo aldapatik barrena, autobideko sarrera-irteera iritsi, handik Itxaspeko bidea hartu, eta Andu baserrian ezkerreko bidea hartuta, Santiago bidea Lusarbe baserrira iristen da; handik bi kilometro ingurura dago Orioko muga. "Inguru horrek hainbat aukera eskaintzen ditu. Oso ibilbide polita da, eta ibilbidea luzatu nahi dutenek, mendiko bidezidorrak hartu ditzakete, gainera. Ni asko ibiltzen naiz inguruko horretan korrika".
Itxaspeko bidea
Itxaspeko bidea ezaguna da oriotarren artean. Azken asteetan, itxita dago Orioko Udala egokitzapen lanak egiten ari delako pistan. Dena dela, laster irekitzea espero dute, eta berriz gozatuko dute oriotarrek Itxaspeko bideak eskaintzen dituen parajeez.