Orioko Udal Aurrekontua egokitu dute, koronabirusak eragindako kalteei aurre egin ahal izateko

Karkara 2020ko mai. 5a, 08:30

Danbolin Musika Eskolako 2020-2021 ikasturterako matrikula tasak izoztea erabaki du Orioko Udalbatzak aho batez.

Pasa den ostegunean, Orioko udalbatzak ohiko batzarra egin zuen, baina berezia izan zen, COVID-19arengandik babesteko segurtasun neurriak jarraituz, zinegotziek bideo-dei bidez parte hartu zutelako udalbatzarrean, nork bere etxetik. Azken asteetan gizartean gertatu den bezala, koronabirusak presentzia nabarmena izan zuen ohiko bilkuran, eta hainbat kreditu aldaketa egin ziren horren bueltan. Hala, larrialdi egoerak udaleko diru sarreretan 700.000 euro inguruko kaltea eragingo duela aurreikusita, aurrekontua egokitzea onartu zuten udal taldeek.

Anuska Esnal alkateak azaldu zuenez, aurrekontua legezkoa izan dadin "diru sarrerak eta gastuak orekatu" egin behar izaten dira, eta horretarako aurtengo aurrekontuan jasota zeuden inbertsioen eta gastu arrunten ataletako hainbat partida kreditu ez erabilgarri bihurtzea erabaki zuten. "Horrek ez du esan nahi bertan adierazi diren jarduerak ez direnik egingo. Aurrekontuetan izoztuta geratuko dira partida horiek, eta egoera hobetuko balitz, diru hori erabilgarri egongo litzateke. Horrez gain, zerrendatu diren ekimenetatik zenbait egitea beharrezkoa dela ikusiko balitz, beste formula batzuk erabiliko genituzke horiek burutu ahal izateko. Kreditu aldaketa honekin, udalak aurre hartu nahi izan dio etor daitekeen egoerari", argitu zuen alkateak udalbatzarrean.

Musika Eskolako matrikulan ez da igoerarik izango
2020-2021 ikasturterako Orioko Danbolin Musika Eskolako matrikula tasak ere bozkatu zituzten udalbatzarrean, eta aho batez horiek izoztea erabaki zuen udalbatzak. Hasiera batean, martxoaren 2an burutu zen batzorde exekutiboan, tasak %1,5 igotzea proposatu zuen musika eskolak. Dena dela, COVID-19an sortutako egoera dela-eta, tasak igotzeko "une desegokia" dela uste du Danbolin Musika Eskolako zuzendaritzak, matrikulazioan eragin dezakeelako. Horregatik, aurten tasak izoztea proposatu du musika eskolak, eta udal taldeek bat egin dute musika eskolarekin, eta tasak ez igotzea onartu zuten ostegunean.

Xabi Ibarguren Kultura batzordeburuak, musika eskolako tasak izozteko erabakiarekin "pozik" agertu zen udalbatzarrean, eta musika eskolaren finantziazio iturriak azaldu zituen, herritarrek tasen inguruko eztabaida ulertu zezaten. "Ikasle bakoitzagatik udalak egiten duen kultur inbertsioa matrikularen kostu osoaren herena da. Eusko Jaurlaritzak beste herena finantzatzen du, eta gainontzekoa ikasleei dagokie ordaintzea. Azken zortzi urteetan udalak herena baino zertxobait gehiago ordaindu du, ikasleen kuoten mesedetan. Nik uste dut horretarako aukera duen heinean, udalak egin eta eragin behar duela ikasleen kuota ahal den txikiena izan dadin, eta horregatik gu martxoko batzordean ere tasak izoztearen aldekoak izan ginen, gehiengoak tasak %1,5 igotzea onartu bazuen ere". Dena dela, COVID-19ak sortu dituen ondorio ekonomikoak kontuan hartuta, musika eskolako zuzendaritzak tasak izoztea proposatu du, eta udalbatzak aho batez  bat egin dut neurriarekin. Hala, musika-tresnaren matrikulak 356 eurokoa izaten jarraituko du, eta dantza eskolena 244 eurokoa izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide