Liburutegiaren jendaurreko zerbitzuak etenda segituko du, baina erabiltzaileek aukera izango dute liburuak maileguan hartzeko, prozedura honi jarraituta:
Erabiltzailea Eusko Jaurlaritzako katalogoaren webgunera sartuko da eta bertan ikusiko du Orioko udal-liburutegiaren eskaintza. Erabiltzaileak bertatik aukeratuko ditu interesatzen zaizkion liburuak eta, eskaera egiteko, e-mail bat jarriko dio liburutegiko arduradun Miren Anduezari, liburutegia@orio.eus helbidera idatzita edo 943 833 377 telefonora deituko dio 16:00etatik 19:30era bitartean.
Mezuan hurrengo datuak zehaztu behar dituzte herritarrek: izen-abizenak, liburutegiko txartelaren zenbakia, helbidea eta maileguan hartu nahi den liburuaren izenburua.
Maiatzaren 4tik 8rako astean, banaketa etxera
Aste honetan erabiltzaileek maileguan hartutako liburuak etxez etxe banatuko ditu liburutegiak, herritarrek ez daukate-eta baimenik kultur etxera joateko. Beraz, erabiltzaileak etxean bertan jasoko du eskatutako liburua. Liburuak etxez etxe banatzeaz herrian sortutako zaintza-sareko boluntarioak arduratuko dira, beharrezko babes-neurriak hartuta, eta banaketa herrigunean egingo dutela zehaztu dute.
Maiatzaren 11tik aurrera, berriz, erabiltzaileek berek jasoko dituzte liburuak kultur etxean, ordurako, gauzak ondo bidean, horretarako baimena izango dute-eta.
Liburuak itzultzeko, betiko sistema erabili behar da: liburuak kultur etxearen sarreran dagoen maileguak itzultzeko kutxan utzi behar dira maiatzaren 11tik aurrera (ordura arte, ez, kutxa itxita egongo da-eta).
Liburuen desinfekzioa
Udal-liburutegiak beharrezko neurriak hartuko ditu herritarren etxeetara iristen diren liburu guztiak behar bezala desinfektatuta egon daitezen eta banaketa baldintza sanitario egokitan egin dadin.