Aldundiak 28 milioi euro bideratuko ditu ekonomia suspertzera

Karkara 2020ko api. 29a, 15:34

Ekonomia Berreskuratzeko Planaren barruan, etorkizuneko enpresa proiektuak finkatzera bideratuko dute aurreikusitako diru kopuruaren erdia.

Gipuzkoako Ekonomia Berreskuratzeko Plana aurkeztu zuen atzo aldundiak. Hainbat neurri biltzen ditu planak eta, guztira, 28 milioi euro bideratuko dituzte horretara. Markel Olano ahaldun nagusiak adierazi du ahalegin berezia egingo dutela “batez ere enpresa txiki eta ertainek, epe luzera lehiakortasuna eta iraungortasuna indartzeko”. Horrez gain, azaldu du aldundiaren lehentasuna izango dela “kalitatezko enplegua sortzea eta mantentzea, enpresa proiektu lehiakor eta iraunkorren bidez eta giza proiektuen bidez, inor atzean utzi gabe”.

“Aberastasuna banatzeak ahalbidetzen du desberdinkeriei aurre egitea. Baina birbanatzeko, aberastasun hori sortu behar dugu aurrena”, adierazi du Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak. Hori dela eta, arduradunek azaldu dituzte ekonomia sustatzeko neurrien nondik norako orokorrak; alegia, 28 milioi euro horiek zertarako erabiliko dituzten.

Nahiz eta aurreikusitako diru-bilketak behera egingo duen, Foru Aldundiak ildo estrategikoei lotutako programak eta deialdiak mantendu egingo ditu, hala nola lehiakortasuna, ekintzailetza eta I+G+B babestekoak edo enpresa proiektuak mantentzekoak. Planak lehen sektorearen, turismoaren eta kulturaren errealitate espezifikoei erantzuteko neurriak ere jasotzen ditu, baina horien xehetasunen berri “datozen egunetan” emango dute.

Ekintza nagusiak

  • Kalitatezko enplegua sortu eta finkatu: 4,8 milioi
  • Enpresei sostengua emateko baliabide ekonomikoak: 2,6 milioi
  • Etorkizuneko enpresa proiektuen finkatzea babestea: 14 milioi
  • Sektore estrategikoen errotze prozesuan sakondu: 2,1 milioi
  • Tokiko kontsumoa bultzatzeko mekanismoak: 3 milioi
  • Enpresa garapeneko ekosistemaren papera indartu: 1,5 milioi

Etorkizuneko enpresa proiektuak sendotzera bideratuko dute diru kopuru handiena. Imanol Lasa Turismo diputatuak zehaztu duenez, ondoko ekintzak jasotzen ditu puntu horrek, besteak beste: I+G+B bultzatzea Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearen bidez, espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiarekin bat datozen jardueren bidez; barne-ekintzailetza: kudeaketa eredu dualak indartzea; pertsonek enpresetan parte hartzeko politikak; enpresen nazioarteko presentzia finkatzea; eta enpresa jardueraren jarraikortasuna bermatzea.

Lasak iragarri duenez, “malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna” funtsezkoak izango dira Gipuzkoaren susperraldi ekonomikorako, “etengabe aldatzen ari den eta ziurgabetasun globalez beteta dagoen errealitateari aurre egin behar diogulako”.  Hori dela eta, zehaztu du Plana “ibilbide-orri ireki” bat dela, eta bere formulazio zehatza gauzatzen joango dela “betiere eragileekin eta sare ekonomikoarekin lankidetzan, eta etengabe egokitzeko behar horretatik abiatuta”.  Estrategia horrek uztartuko ditu Gipuzkoako enpresen epe laburreko beharren kudeaketa eta ingurune sozioekonomiko lehiakorrago baten etorkizuneko garapena: “Kudeaketa dualaren printzipioak aplikatzeko garaia da: “oraina kudeatu, etorkizuna prestatuz”.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide