Hilaren 20an hasi zuten Orioko arrantzaleek aurtengo antxoaren kostera. Itsasora atera baino egun pare bat lehenago, KARKARAk Jon Mujika Orioko Kofradiako presidentea elkarrizketatu zuen, eta hark adierazitakoaren arabera, koronabirusaren testik egin gabe ekitera zihoazen kanpaina berriari.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak berriki azaldu duenez, asteburuan arrantzaleei PCR testak egiten hasi dira, COVID-19 kasu posibleak detektatzeko. Gipuzkoako arrantzaleekin eta lonjetako 29 langileekin ekin diote testak egiteari, besteak beste, gipuzkoarrak direlako antxoatan ari diren bapore gehienak. Oraingoz, ez dute positiborik atzeman.
Gipuzkoako arrantzaleekin bukatutakoan, Bizkaian antxoatan ari diren zazpi baporeetako arrantzaleei egingo dizkiete testak, eta gero, baxurako ontziekin bukatutakoan, Ondarroako hamabi arrasteontzietako 120 arrantzaleekin jarraituko dute.