Manuel Uranga Aiestaran 95 urteko oriotarra etxean da, koronabirusagatik ospitaleratuta egon eta gero. Martxoaren 22an hasi zen sukarrarekin, eta apirilaren 3an larrialdi zerbitzuetara eraman zuen familiak; bertan diagnostikatu zioten alde biko pneumonia, eta koronabirusaren testean positibo eman zuen. "Bitan egin behar izan zioten testa, lehen saiakeran 'detekta ezina' emaitza atera zelako, baina medikuek erradiografiak zituzten eta nahiko ziur zekiten COVID-19a izan zezakeela", azaldu du Urangaren familiak. Prozesu "gogorra" izan dela ere aitortu dute. Bakartuta egon zen atzo arte, baina gaixotasunari buelta ematea lortu du. Horregatik, familiak uste du garrantzitsua dela herritarren artean "itxaropen mezua" zabaltzea.
Orain hamalau eguneko berrogeialdia egin beharko du Urangak etxean, senda-agiria jaso ondorengo protokoloa jarraituz.