"Halako osasun krisiaren aurrean, kirola bigarren mailako kontua da"

Karkara 2020ko api. 1a, 10:30

Jon Azkue eskubaloi jokalariak etxean entrenatzen jarraituko du, osasun krisiak iraun bitartean. Bidasoa laugarren da Asobal Ligan, eta arduradunek lehiaketa hala bukatzea erabakiko balute, irundarrak Europako postuetatik kanpo geratuko lirateke.

Nola bizi izan zenituzten taldean osasun krisiaren lehen egunak?
Poliki poliki, krisia guregana hurbiltzen ari zela ikusi genuen telebistan. Berehala, kirol ekitaldiak ateak itxita egiten hasi ziren. Guk beti bezala entrenatzen segitu genuen, baina gaia arreta handiarekin jarraituz. Hortik gutxira, hurrengo bi jardunaldiak, Anaitasuna eta Cuencaren kontrakoak, ateak itxita egin beharko genituela jakinarazi ziguten; oraindik, entrenamenduak normal egiten genituen.  Alarma egoera ezarri zen asteburutik aurrera, aipatutako bi partidak bertan behera geratu ziren, eta klubetik etxean egoteko agindua jaso genuen.

Liga bertan behera geldituko al da?
Hamaika jardunaldi geratu zaizkigu jokatu gabe. Federazioak jokatu nahi ditu, baina arazo bat dago: gure kontratuak maiatzaren 31an bukatzen dira; beraz, hau guztia bukatzen denean, gu kontraturik gabe egongo gara. Beraz, ikusi egin behar. Taldeen artean, denetariko iritziak daude: talde batzuk jokatu nahi dute, beste batzuk kontratua iraungi arteko partidak bakarrik... Federazioko presidenteak esan duenez, Liga jokatuko ez balitz, igoera eta jaitsiera postuetan dauden taldeak orain bezala mantenduko lirateke. Hori litzateke ona guretzat; laugarren postuan gaude, eta lehiaketa hala itxiz gero, ez genuke Europan jokatzeko aukerarik izango.

Nola ari zarete entrenatzen etxean?
Bizikleta estatikoa, eserialdiak, flexioa, "core" ariketak... Sasoian mantentzen saiatzen ari gara.

Baloia erabiltzen duzu?
Ez, batere ez.

Esparru psikologikoa lantzen ari zarete taldean?
Ez. Azken urte eta erdian emaitza oso onak ari ginen lortzen. Gabonetatik bueltan, ordea, bolada txarra izan genuen, eta laugarren posturaino jaitsi ginen. Honek guztiak momentu nahikoa txarrean harrapatu gaitu. Guri gustatuko litzaiguke ekaina bukaera bitarteko partidak jokatzea; Liga horrela bukatzea kolpe handia litzateke. Geratzen diren partidak jokatuz gero, Europako postuetarako sailkatzeko aukera izango genuke.

Baikorra al zara aurrera begira?
Beno, gai honek luzerako joko duela ematen du. Liga bertan behera geratu daitekeela iruditzen zait, tamalez. Taldea Europan jokatzeko ari zen prestatzen, eta beno, lehiaketa hala bukatuko bagenu, pikutara joango litzateke guztia. Hala ere, halako krisi batean kirola bigarren maila batera pasa behar da, denon artean osasun krisiari buelta ematen saiatzeko.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide