Orio Arraunketa Elkarteak bertan behera utzi ditu gaztetxoen entrenamenduak

Karkara

Seniorrek entrenatzen jarraitu ahal izango dute, baina oso talde txikitan eta osasungintzako adituek jarritako neurri zorrotzak beteta. Arraunlari bakoitzari jakinaraziko zaio zein den entrenatzeko protokoloa.

Koronabirusa gizartean zabaltzea saihesteko neurri gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol jarduera eta lehiaketa guztiak eteteko agindua eman du. Hala, Orio Arraunketa Elkartetik jakinarazi dute, "egoera larri" horren aurrean arraun elkarteak ere neurriak hartu dituela. "Gaiarekin lotura eta ardura zuzena duten agintariekin eta osasungintzako aditu eta profesionalekin hitz egin ondoren", hurrengo neurriak hartu dituzte.

Alde batetik, infantil, kadete eta jubenil mailako arraunlariek ez dute entrenamendurik izango besterik esan arte. Bestetik, seniorrek entrenatzen jarraitu ahal izango dute, baina oso talde txikitan eta osasungintzako adituek jarritako neurri zorrotzak beteta. "Arraunlari bakoitzari jakinaraziko diogu zein den entrenatzeko protokoloa", azaldu dute elkarteko arduradunek. "Denon artean egoera honi aurre egiteko, zentzuz jokatzea eta hartutako neurriak zorrotz betetzea eskatzen dugu Orio Arraunketa Elkartetik. Eskerrik asko COVID-19 ari ziaboga ematen laguntzeagatik".

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide