Orioko Udalaren instalazioak itxita egongo dira arratsaldetik aurrera, koronabirusa dela eta

Karkara 2020ko mar. 12a, 13:32

Kultur Etxea, kiroldegia, musika-eskola, ludoteka eta gaztelekua itxi ditu Orioko Udalak, Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak aintzat hartuta. Horrez gain, bertan behera utzi ditu jendaurreko ekitaldiak.

Gaur arratsaldetik aurrera, koronabirusa dela eta sortutako egoerarengatik, udal instalazioak eta jendaurreko jarduerak bertan behera geratuko direla jakinarazi du Orioko Udalak.

Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak aintzat hartu dituzte, eta gaur iluntzerako aurreikusita zegoen aparkalekuei buruzko gogoeta-saioa ere bertan behera geratzen da; aurrerago egitea da asmoa, oraindik zehaztu ezin den datan. Era berean atzeratu egingo dira ostiraleko antzerki-emanaldia eta larunbat goizeko bisita gidatua. Udalaren kultur agenda osoa bertan behera geratzen da, hortaz, bestelako abisurik jaso arte.

Kultur etxea, kiroldegia eta Musika Eskola ere itxita
Horrez gain, jendeari zerbitzua ematen dioten udal-instalazioak ere itxi egingo ditu Udalak, gaur arratsaldetik hasita, prebentzio-neurri gisa: kultur etxea, kiroldegia, musika-eskola, ludoteka eta gaztelekua. Udalaren administrazioak martxan jarraituko du, baina langileek neurriak hartuko dituzte, kutsatzeak murrizteko.

Zaharren Babeslekua ere itxita
Eusko Jaurlaritzak hala aginduta, Orioko Zaharren Babeslekua ere itxita dago gaur goizetik bestelako abisurik jaso arte.

Ikastetxeetan ere, jarduera etenda
Eusko Jaurlaritzak, bestalde, jakinarazi berri du Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien jarduera etengo duela ostiraletik aurrera, 15 egunez. Beraz, ez Zaragueta eskola publikoan, ez Ikastola eta ez Haurreskolan ez da klaserik emango datozen 15 egunotan. Irakasleek lanean jarraituko dute, baina ikasleek etxean geratu beharko dute. Ikastetxe bakoitzak, dauzkan baliabideen arabera, ahalegina egin beharko du ikasleen lana antolatzeko, ahal den neurrian etxetik lan egin ahal izan dezaten.

Neurri horiek guztiak koronabirusaren zabalpena prebenitzea helburu dutela gogorarazi du Orioko Udalak.

Udalean lan-mahaia osatu dute

Koronabirusak sortutako egoera dela-eta, lan-mahai bat eratu du alkateak, eragile guztiek modu koordinatuan jarduteko.

Lan-mahai horretan herriko zerbitzuetako ordezkari banak parte hartuko du, jende asko mugitzen duten elkarteekin batera: anbulatorioa, udal-zerbitzuak, kiroldegia, musika-eskola, kultur etxea, ludoteka, gaztelekua, Zaharren Babeslekua, arraun-elkartea, futbol taldea…

Aurrekaririk gabeko egoera dela iritzita,  Udalak uste du garrantzizkoa dela elkarlana, modu koordinatu eta efikazean.

Lan-mahai horretan landuko dira irizpideak aurrerantzean hartu beharreko neurriak erabakitzeko

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide