KARKARAk leherketa izan den gunean zegoen suhiltzaile batekin hitz egin du, eta hark azaldu duenez, Eusko Gudari kaleko etxebizitza bateko sukaldean gertatu da leherketa gaur goizaldean. Antza, propano gas poltsa osatu da, eta horrek eragin du leherketa, "norbait sukaldean sartu denean, argia piztu duenean, edo ez dakigu zehazki zein momentutan".
Leherketak sutea eragin du, eta ondorioz, pertsona bat "erre da, baina zauri arinak ditu". Anbulantzian eraman dute ospitalera.
Suhiltzaileek 06:00etan jaso dute abisua, eta laster itzali ahal izan dute sua. Hala ere, bizilagun guztiek kalera irten behar izan dute, eta 07:30ean kalean jarraitzen zuten. "Behetik gora aireztatzen ari gara eraikina, eta ondoren beren etxeetara itzultzeko aukera izango dute bizilagunek", azaldu du suhiltzaileak.