Lehen zita garrantzitsua duzu larunbatean, OAEko presidente modura. Jende asko mugituko duen eguna izanik, nola bizi duzu antolaketa prozesua?
Zorionez, eroso ari gara antolaketa lanetan, lehengo zuzendaritzako kideak laguntzen ari zaizkigulako. Joxe Carrera Txankaren laguntza ere ezinbestekoa ari da izaten. Dena dela, urduritasuna sentitzen dut; ustez dena kontrolpean dugu, baina kezka beti dago hor.
Zer da zailena?
Egun benetan erakargarri bat antolatzea, arraunlariak eta ikusleak datorren edizioan itzul daitezen.
Zenbat lagun ari zarete lanean?
Jaitsierari begira, 40 lagun inguruko taldea.
OAErentzat jaitsiera errentagarria al da ekonomikoki?
Elkarteak gastu txikia izaten du, banderak egiteko bakarrik gastatzen dugu dirua. Azpiegituretan ez dugu gasturik izaten, Orioko Udalak uzten digulako behar izaten dugun guztia, eta eskulanean ere ez, boluntarioei esker. Zarauzko Arraun Elkarteari ere eskerrak eman behar dizkiogu, haien pantalana uzten digutelako.
Jaitsierak zer ematen dio OAEri?
Izen ona ematen dio elkarteari. Beste jaitsieretan 30 edo 40 taldek parte hartzen dute, eta larunbatean, 91 izango dira. Espainiako txoko desberdinetatik etortzen da jendea, eta hori ez da lortzen erraza.
Eta herriari?
Mugimendua. 1.000 arraunlari baino gehiago elkartuko dira Orion, eta hori ona da herriko ostalarientzat eta turismoarentzat. Eta herritarrentzat ere bai, urtero giro bikaina izaten delako.
Mezuren bat ba al duzu OAEko zaleentzat?
Jaitsiera beren egitea gustatuko litzaidake, kirol probaz eta giroaz gozatzea. Kontatzen digutenaren arabera, kanpotik etortzen diren arraunlarientzat eta zaleentzat zita berezia izaten da, eta herritarrek ere modu beretsuan bizitzea nahi nuke.