Posta bidezko botoa eska dezakete herritarrek dagoeneko

Karkara 2020ko ots. 12a, 15:28

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren edo arazo fisikoak dituzten herritarrek eman dezakete boza posta bidez; martxoaren 26rako egin behar dute eskaera Correosen bulegoetan. Atzerrian modu iraunkorrean bizi direnek martxoaren 7ra arte egin ahalko dute boto eskaera.

Datorren apirilaren 5ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta dagoeneko zabaldu dute posta bidezko botoa eskatzeko epea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren edo arazo fisikoak dituzten herritarrek martxoaren 26ra arte izango dute hauteskunde erroldaren ziurtagiria eskatzeko aukera Correosen edozein bulegotan; ziurtagiri hori beharrezkoa da posta bidezko botoa emateko.

Posta bidezko boza eman nahi duen herritarrak berak joan beharko du Correosera, eta hark NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu beharko du. Aldiz, gaixotasun edo urritasunen bat duten herritarrek beren egoera frogatzen duten medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta eskaera notarioak edo kontsulatuak baimendutako beste pertsona batek egin ahal izango du.

Bildutako eskabide guztiak Hautesle Erroldaren Bulegoko Lurralde Ordezkaritzetan utziko ditu Correosek, eta herritarrek martxoaren 16tik 29ra bitartean jasoko dute posta bidezko botoa eman ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa. Ondoren, Correosen eman beharko dute boza.

Atzerrian modu iraunkorrean bizi diren pertsonek ere eska dezakete posta bidezko boza. Horiek martxoaren 7ra arte izango dute eskaera egiteko aukera, ohiko prozedura jarraituta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide