Connection Darts Gipuzkoa elkarteak dardo jardunaldia ospatu zuen atzo, igandea, hondartzako Balea tabernan. Gipuzkoatik eta Nafarroatik 50 partaide inguru bertaratu ziren, eta antolatzaileak "oso gustura" daude jasotako erantzunarekin.
Goizean banakako txapelketa jokatu zuten 33 partaidek, eta arratsaldean binakako txapelketa egin zuten. 301 modalitatean aritu ziren, hau da, zenbaki horretatik hutsera aurrena iristen denak irabazten du. Goizeko saioan Oreretako Israel Morrondo nagusitu zen. Bigarren Imanol Velez iruindarra izan zen, eta hirugarren, berriz, Oreretako Abraham Nieto.
Binaka aritzeko, berriz, 50 dardozalek eman zuten izena, eta zozketa bidez osatu zituzten bikoteak lehian aritzeko. Joseba Unanue oriotarra han zebilen, dena antolatzen. "Giro polita sortzen da bikoteak zozkaz erabakita", azaldu zion KARKARAri. "Urtean zehar internetez jokatzen dugu asko elkarren aurka, baina ez dugu elkar ezagutzen, eta honelako jardunaldi eta jokoekin gertutasun hori da lortzen dena".
18:00ak aldera hasi zuten bigarren txapelketa hori, eta bitartean beroketa lanak egiten aritu ziren jokalariak, horman zeuden bost dianekin.
Bazkaria eta sariak
Arratsaldeko txapelketaren aurretik elkarrekin bazkaldu zuten Balean bertan 50 lagunek, eta Unanue pozik zen "giro polita sortu delako". "Egun zoragarria atera zaigu, eguzkiarekin, eta aprobetxatu egin behar da".
Txapelketan zehar hainbat sari banatzeaz gain, topaketa aprobetxatu zuten beste lehiaketa bateko saria emateko ere. "Irailetik aritu gara taldeka lehian Internetez, eta Iruñeko Triple Cañon taldekoek jaso dute saria, lehia irabazita".