OBBk irabazi du Gabonetako XII. Donostia Hiria Areto Sofbol txapelketa

Karkara

Txapelketako irabazleak izateaz gain, jokalari eta jaurtitzaile onenaren saria jaso zuten Orioko taldeko bi kideek, Modregok eta Larrazak.

Oporraldi egunak oparoak izan dira Orioko Sofbol taldearentzat. Abenduaren 21 eta 22an XII. Donostia Hiria Areto Sofbol txapelketa jokatu zen hiriburuan. Bertan izan zen OBB taldea, Zaragozako Miralbueno, A Coruñako Cambre eta Atetico San Sebastian taldeen aurka lehian.

Lehen egunean, bost partidatatik 4 irabazi zituen Orioko taldeak eta igandeko finalerako sailkapena lortu zuten. Igande goizean, denak-denen aurkako ligaxkako azken partidan taldeko jokalari gazteenek jokatzeko aukera izan zuten, Cambre taldearen aurka egin zuten debuta, Sara Loidik, Paula Izagirrek eta June Sanchez oriotarrek. Taldekideek adierazi dutenez, partida ez zuten irabaztea lortu baina taldeko txikienek "maila ona" erakutsi zuten.

Txapelketaren finala ere igandean jokatu zen. Oriotarrak aurretik jarri ziren markagailuan baina partidaren erdialdean Donostiarrek puntuazioa berdintzea lortu zuten. Partida aurrera joan ahala, OBBko neskek jokaldi garrantzitsuak lortu zituzten defentsan eta eta partidaren amaieran 1-1 izan zen markagailuaren emaitza. Horrela, denbora luzatu beharra izan zuten berdinketa hausteko eta OBB taldearentzat izan zen garaipena 2-1 markagailuarekin.

Txapelketa irabazteaz gain, banakako sarien irabazleak taldeko bi kide izan ziren. Uxua Modregok jaso zuen jokalari onenaren saria eta Amaia Larrazak, berriz, jaurtitzaile onenarena.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide