Datorren asteartetik aurrera, autoentzako bi noranzko izango ditu moilak

Karkara 2019ko aza. 2a, 12:30

(Orioko Udala)

Orioko Udalak galiboa jarriko du moilan datorren asteartean, eta autoentzako bi noranzko barnebilduko ditu bideak. Hala, azken asteetan bezala, Txistulari kalea izango da herriko sarrera autoentzat, baina Dikean kokatuko dute irteera. Aritzaga kalea guztiz itxiko dute ibilgailuentzat, eta bestalde, oinezkoentzako ere aldaketak izango dira.

Irailean jarri zituzten martxan herriko plaza zabaltzeko eta oinezkoentzako bihurtzeko lanak, baita moilako errepidea egokitzeko obrak ere, hemendik aurrera, bi noranzko izan ditzan. Pixkanaka aurrera doa prozesua, baina aurreikuspena da oraindik gutxienez zazpi hilabete behar izatea guztia amaitzeko.

Lanek iraun bitartean, aldaketak izango dira ibilgailuen zirkulazioan zein oinezkoentzako bideetan. Atzo, urriak 31, Orioko Udalak jakinarazi zuen datorren astean ere hainbat moldaketa jarriko dituztela indarrean. Batetik, datorren asteartean, azaroak 5, galiboa kokatuko dute moilan; hain zuzen,  Bizkarreneko etxearen eta The Pass dendaren artean. Hala, zirkulazioa aldatuko da, eta aurrerantzean, autoentzako bi noranzko izango ditu moilak. Dena den, 2'40 metrotik gorako altuera duten ibilgailuek ezingo dute galibotik igaro, eta Txanka-Hondartzako bidea baliatu beharko dute herritik irteteko.

Galiboa jartzen duten unetik aurrera, Dikea izango da herriko irteera ibilgailuentzat, 2,40 metrotik beherako altuera duten ibilgailuen kasuan, behintzat. Herriko sarrera, aldiz, Txistulari kalea izango da, azken asteetan bezala. 2'40 metrotik gorako altuera duten ibilgailuen kasuan, ezingo dute galibotik igaro, eta Txanka-Hondartzako bidea baliatu beharko dute herritik irteteko. Udalaren aurreikuspena da, obrak amaitzean, Dikeko bidea izatea herriko irteera nagusia, 2'40 metrotik beherako altuera duten ibilgailuen kasuan.

Horretaz gain, galiboa kokatzearekin batera, guztiz itxiko dute Aritzaga kalea ibilgailuentzat. Hala, obrekin aurrera egin ahalko dute bide horretan.

Aldaketak oinezkoentzat

Bestetik, moilan galiboa instalatzeak eta autoentzako bi noranzko barnebiltzeak, aldaketak eragingo ditu oinezkoentzako bidean. Azaldu dute ezingo dela oinez igaro moilako zatirik estuenetik, "oinezkoen segurtasuna" dela-eta. Hala, "bide alternatiboa" jarriko dute martxan; hain zuzen, moilatik kiosko ondora, eta handik Bizkarreneko etxera pasatzea, gero, moila ertzera itzultzeko. Horretaz gain, udalak itxi egingo du Bordatxo ondoko oinezkoentzako bidea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide