Beste erronka batzuen bila

Aitor Manterola /Berria 2019ko urr. 24a, 12:44

Jon Iriondo ondarroarrak, etxeko taldea utzi, eta Orion egingo du arraun, B taldea entrenatzearekin batera. 'Berria' egunkariko kazetari Aitor Manterola Iriondorekin izan da, aldaketaz berriketan.

Arraunlarien sakelakoetan handitu egiten da mugimendua garai honetan, eta batzuek beste talde batzuetako entrenatzaileen edo zuzendaritzako kideen deiak edo mezuak jasotzen dituzte. Jon Iriondoren (Ondarroa, Bizkaia, 1976) kasua horixe da, Jon Salsamendik deitu baitzion duela aste batzuk, Orioko entrenatzaileak, proposamen jakin bat egiteko: datorren denboraldian Orioko bigarren taldean Anjel Larrañagari entrenatzaile lanetan laguntzea —KAE 1era igo da aurten harrobiko taldea—, eta, aldi berean, lehen traineruan sartzeko aukeraren bila lehiatzea. «Buruari buelta batzuk eman eta gero, onartu egin dut», esan du ondarroarrak.

Etxeko taldean egin du denboraldi hau, eta iazko atsedenaren aurreko beste hiru sasoiak ere bertan osatu zituen. Iriondo entrenatzaile eta arraunlari zela igo zen Ondarroa Eusko Label ligara, 2016ko irailean —KAE 1 liga ere irabazi zuen—. Aurretik, ibilbidean ageri zaizkio Ondarroa bera, Orio, Castro, Urdaibai eta Portugalete. Itzuli egingo da, horrenbestez, Oriora, eta erabakiaren atzean zer dagoen azaldu du: «Ondarroan, aurtengo udan, helburu bat genuen, Kontxako Bandera jokatzeko sailkatzea, eta, hori bete eta gero, beste erronka batzuen bila joan nahi izan dut; Oriok eman dit aukera hori».

Beste hainbat aldagai ere izan ditu kontuan: «Orion bizi naiz, familia hemen daukat, eta lan ere hemen inguruan egiten dut. Praktikotasunari ere begiratu diot». Eta, nola ez, punta-puntako traineru batean ibiltzeko aukerari, irabazteko lehian jarduteko nahiari: «Jakina hori ere garrantzitsua izan dela. Badakit Orio goian ibiltzeko taldea dela, eta nire burua gai ikusten dut lehen taldean sartu eta beste talde indartsuekin borrokan ibiltzeko».

Jarraitu irakurtzen

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide