«Beti izan dugu saskibaloian jokatzen jarraitzeko gogoa»

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko urr. 18a, 13:30

 Infantil mailan hasi ziren saskibaloian oriotarrak. Urteak egon dira kantxatik kanpo, baina aurten zarauztarrekin elkartu dira seniorretan lurraldeko lehenengo mailan jokatzeko. 

Maider Manzanas eta Olatz Lizaso
Saskibaloi jokalariak

Urte batzuk kantxatik kanpo egin ondoren, saskibaloira itzuli da Orioko neska talde bat. Tartean dira, Maider Manzanas (Orio, 1996) eta Olatz Lizaso (Orio, 1996). Igandean hasiko dute denboraldia, Beasainen (Gipuzkoa).

Noiz eman zenituzten lehen pausoak saskibaloian?

OLATZ LIZASO: Infantil mailan hasi ginen. Garai hartan, ez zegoen saskibaloi talderik herrian. Dena dela, taldea osatzeko moduan eta gogotsu ginela ikusita, ZASTek eta Orioko Herri Ikastolak hitzarmena sinatu zuten, eta horri esker, Orioko Saskibaloi Taldea sortzeko aukera izan genuen gelakideak ginen hamabi neskek.

Urte askotan jardun zineten taldean?
Maider Manzanas: Bai. Kadeteen bigarren mailara arte jokatu genuen. Ondoren, batzuk Zarauzko taldeetara joan ziren jokatzera, eta jubenilen mailako lehen urtean askok utzi egin zuten, ikasketak medio.

O.L: Saskibaloian jokatzen jarraitu nahi genuen gutxi batzuk Zarautzera joateko aukera izan genuen. Hala ere, taldea uzteko momentua iritsi zitzaigun guri ere.

Etenaren ondoren bueltan zarete.
M.M: Askotan, ikasketek garrantzia hartzen duten heinean, kirola alde batera uzten da. Gure kasuan horixe gertatu zen. Orain, taldea osatu dugun gehienok ikasketak amaituta ditugu, eta errazagoa zaigu taldeko kirola egitea.

Luzea izan al da taldea osatzeko bidea?
O.L: Beti izan dugu saskibaloian jokatzen jarraitzeko gogoa. Iaz, astean behin geratzen hasi ginen herriko jokalari ohiak, lagunarteko partida txikiak jokatzeko. Eta pixkanaka, azkenean, berriz ere taldea osatzeko grina sortu zitzaigun.
M.M: Gure ilusioa Orioko taldea osatzea zen, baina baliabide asko behar dira horretarako. Une honetan, saskibaloia ez dago lehen bezain bizirik Orion.

Zarautzera jo zenuten, beraz.
M.M: Hori da, pasa den urtean ZAST taldeko entrenatzailea izan zenarekin hitz egin genuen, Beñat Jauregirekin. Berak bazekien nork zuen saskibaloian jokatzen jarraitzeko edo kirolera itzultzeko asmoa. Jokalari horiekin hitz egin zuen, eta elkartearen oniritziari esker, taldea osatzea lortu dugu.

Nork osatzen duzue ZAST Zarautz taldea?
O.L: Hamabi jokalari gara guztira: zazpi oriotar eta bost zarauztar. Entrenatzailea ere zarauztarra da.


Senior mailako emakumezkoen talde bakarra izango zarete denboraldi honetan.
M.M: Bai. Gizonezkoetan lau talde daude, baina emakumezkoetan bakarra. Izan ere, unibertsitate ikasketak hastean, neskei zaila egiten zaigu entrenamentu guztietara joatea. Mutilek, berriz, neskek baino garrantzi handiago ematen diote kirolari, eta jarraitu egiten dute.

Zer mailatan jokatuko duzue sasoi honetan?
O.L: Hasiera batean, beheko mailan jokatu behar genuen, baina, iaz Zarauzko taldea ligan lehenengo postuan sailkatu zenez, mailaz igotzeko aukera eman digute. Lurraldeko lehenengo mailan jokatuko dugu.


Zein helburu dituzue?
M.M: Taldea berria denez, oraindik ez dakigu nola joango zaigun sasoia. Aurrerago, jarriko ditugu helburuak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide