Iazko denboraldia arraunean aritu gabe igaro ostean, Orioko gizonen talde nagusian hasi duzu sasoia. Zer moduz egokitu zara taldera?
Oso ondo hartu naute taldean. Egia esan, Orio bezalako talde handi batera joateko beldurra ere banuen hasieran. Askotan entzuten duzu halako taldeetan ez dela izaten talde txikietan egoten den giroa, baina hasieratik etxean bezala hartu naute. Zentzu horretan, ez dut kexarik. Oso gustura nago Orion.
Aurretik, zortzi urte eman zenituen Zumaiako Telmo Deun arraun klubean. Zer dela eta aldatu zara taldez?
Zortzi urtez arraunean ibili eta gero, iaz faltan sumatu nuen kirol hori. Izan ere, horrenbeste denbora kentzen duen kirolak hutsune handia uzten du. [Jon] Salsamendik deitu zidan nirekin hitz egitea nahi zuela esanez. Hark proposatu zidan Orion hastea, eta izugarrizko aukera iruditu zitzaidan. Ezin nuen eskaintza alboratu, baina duda batzuk ere sortu zitzaizkidan; izan ere, pentsatzen nuen Orion askorik ez nuela lehiatuko eta horretarako hobe nuela talde txikiago batera joatea. Azkenean, ordea, ingurukoek konbentzitu egin ninduten, eta baiezkoa eman nion taldearen eskaintzari.
Ezin hobeto hasi duzue denboraldia, zazpitik lau bandera irabazi baitituzue. Espero al zuen taldeak sasoia hala hastea?
Ez genuen espero denboraldia hain ondo hastea. Entrenamenduak oso onak egin ditugu urte osoan zehar, eta neguan egin genuen denboraldi-aurrean ere emaitza onak lortu genituen, baina ez genuen aurreikusten hain ondo hastea; zazpitik lau bandera eskuratzea asko da.
Zer helburu dituzu denboraldirako?
Asmoa gozatzea da. Hasieran behintzat, hori zen helburua, baina orain, nahi gabe edo, neure buruari beste erronka batzuk ere jartzen dizkiot. Oinarrizkoena, ordea, disfrutatzea da.
Jon Salsamendi Orioko entrenatzaileak zein Gorka Aranberri patroiak esperientzia handia dute arraunean. Nolakoa da haiekin jardutea?
Klubetik kanpo zaudenean, oso arraunlari ontzat dituzu Salsamendi eta Aranberri, izen handikoak baitira biak ala biak. Uste dut une honetan dagoen patroirik onena dela Aranberri, eta hura taldean edukitzea izugarria da.
Asko ari al zara ikasten?
Bai, asko. Gainera, uste dut fisikoki orain gaudela unerik onenean, eta hori antzeman egiten da.
Asteburu honetan etxean jokatuko dituzue estropadak. Zer helbururekin aterako zarete uretara?
Etxean estropada irabaztea polita izango litzateke. Noski, guztiak joango dira irabaztera, eta ez da erraza egongo. Baina horretarako esperantza badugu. Horrez gain, arraunak halako indarra duen herrian jokatzea ederra izango da.
Etxean lehiatzeak presio berezirik eragiten al du?
Beti egoten da urduritasun puntu bat, baina behin uretara irtendakoan, presioa bera izaten da herri batean ala bestean.
Noiz hasi zinen arraunean?
Kadeteen bigarren urtean hasi nintzen, 15 bat urterekin. Baloiarekin ez nintzen oso abila, eta etxean esaten zidaten kirol bat praktikatu beharko nukeela.
Eta arrauna aukeratu zenuen.
Aitak aipatu zidan Zumaian gazte asko ibiltzen zirela arraunean. Probatze aldera hasi nintzen kuadrillako beste lagun batekin, eta gustatu egin zitzaigun.
Ohikoa al da barruko herritarrak arraunean aritzea?
Gero eta ohikoagoa dela uste dut. Azpeiti-Azkoitiko gazte asko dabiltza egun arraunean, eta gero eta normalagoa da. Zumaiak Kontxako banderak irabazi zituen garaietan ere, barruko arraunlari asko zeuden talde horretan.
Arraunerako zaletasunik ba al dago Azpeitian?
Nik uste baino gehiago dago. Estropadak irabazten ari garen honetan, jende asko etorri zait animoak ematera.
Bederatzi urte eta gero, zer eman dizu arraunak?
Nire bizitzan pisu handia du arraunak. Kendu ere asko egin dit: parrandak, lagunartea, denbora… Aurten, lagun bat ezkondu zen, eta haren ezkontza galdu egin nuen arraunagatik. Zentzu horretan, oso kirol lotua da. Azarotik irailera arte, astean sei egunetan entrenatzen dugu.
Etorkizunean, non ikusten duzu zure burua?
Orion oso gustura nago, eta momentuz behintzat, ez dut handik alde egiteko asmorik. Etxean bezala hartu naute taldean, eta lagun handiak egin ditut.
Ametsik baduzu?
Arraunean gabiltzan guztion ametsa da Kontxako Bandera irabaztea. Ederra litzateke hori, baita liga irabaztea ere. Liga irabaztea bera zailagoa dela iruditzen zait, denboraldiko estropada guztietan oso erregularra izan behar baituzu.