Faboritoa da Orio

Intza Unanue 2019ko eka. 21a, 11:18

IƱaki Suarez

Ekainaren 29an, larunbatarekin, hasiko dute Euskotreneko traineruek denboraldia, Santanderren (Kantabria,Espainia) jokatuko den estropadarekin.

Aurreko denboraldian San Juan arraunlaririk gabe geratu ostean, Euskotren Ligan hutsunea gelditu zen, hori Hondarribiak beteko du sasoi berrian. Horrela, lau traineru lehiatuko dira denboraldi honetan jokatuko diren hamalau estropadetan. Orioz gainera, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia ariko dira lehian. Eskualdean ere jokatuko dituzte ligako estropadak: uztailaren 20an Orion VII.Orio Kanpina Bandera, eta abuztuaren 17an eta 18an Zarautzen.

Euskotren Liga ekainetik abuztura bitartean lehiatuko bada ere, denboraldi aurrea luzea eta gogorra izaten da arraunlarientzat. Xanti Zabaleta OrioBaby auto taldeko entrenatzailea gustura dago orain arte egindako lanarekin: «Aspaldi hasi ginen denboraldira begira lanean, azaroan jada denboraldi aurrearekin buru belarri ari ginen». Neguko estropadek ere «entrenamend ugisa» balio izan diote Orioko taldeari: «Txukun ibili gara estropadetan eta trainerilletan ere lan polita egin dugu, oso gustura gaude aurtengo talde lanarekin».

Prestaketan oinarritutako denboraldi aurrean bi estropada jokatu dituzte Oriokoek, proba gisa: «Test moduan, aldaketak eta proba ezberdinak egiteko erabili ditugu, hiru aste geratzen dira lehia hasteko eta gure xedea denbora honetan arraunketa zaintzea da, puntu onean iristeko denboraldira».

Neguan 24 arraunlarik osatzen zuten Orio Babyauto taldea, Euskotren Ligari begira, hogei izango dira, guztira: «Pasaden urtetik, taldeko arraunlari gehie nek gurekin jarraitzen dute, berri gutxi batzuk ditugu eta beste klubetan egon diren batzuk ere berreskuratu ditugu, lehendik gurekin lan egindakoak horiek».

2018koEuskotren Ligako denboralditik hamalau arraunlari geratu dira Orioko traineruan: Nadeth Agirre patroia, Olatz Agirregabiria, Maialen Aizpuru, Leire Arriola, Itxaso Azkonobieta, Nerea Badiola, Izaro Etxaniz, Amaia Galdos, Leyre Garate, Udane Hoyos, Oihane Iraola, Itziar Olasagasti, Garazi Oliden eta Olatz Ortega. Bajak, berriz, sei izan dira: Myriam Aizpurua, Saioa Sayago, Edurne Moreno, Amaia Uranga, Lukene Lizaso eta Andrea Martin. Hutsunea betetzeko, sei arraunlari gehitu dira taldera: Leire Alcala, Amets Aranguren, Laida Arruti, Sandra Piñeiro, Vicky Piñeiro eta Libana Taboada patroia.

2010. urtean parte hartu zuen ofizialki aurrenekoz Orioko emakumezkoen traineruak.Azken urteetan goiko postuetan ibili da.Euskotren Ligan bost denboralditan parte hartu du. 2015ean laugarren postua lortu zuen, 2016an eta 2017an hirugarrena izan zen, eta azken denboraldian bigarrena.

Euskotren Ligako azken bost denboraldietan San Juango Batelerak izan dira garaile.Denboraldi amaieran San Juan Koxtape arraun elkartean izandako barne oztopoak tarteko, aurten ez dira Euskotrenen ariko. Horrek goi mailako banderen lehian jarduteko bidea ireki dio Oriori. Arraunzale askoren ustez, denboraldia hastear dela, faboritotzat jotzen dute. Zabaletak,ordea,«oinak lurrean» dituztela argitu du:«Optimista izatea ondo dago, baina iruditzen zait pausoz pauso joan behar dugula. Egia da faborito postuan jarri gaituztela, eta zerbaitegatik da hori, lan asko egin dugulako eta helburu edo emaitza hori benetan lor dezakegulako». Hala ere, egoera «ondo neurtu eta kudeatu» behar dela uste du Orioko entrenatzaileak. Zabaletaren ustez, gainera, ez da denboraldi erraza izango: «Euskotreneko beste hiru taldeak maila handia ari dira erakusten, edozeinek irabaz ditzake estropadak. Edozein akats txiki, ziaboga txar bat, ondoeza... faktore askok eragiten dute estropada bakoitza. Denak izango gara elkarren etsai denboraldi honetan».

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide