Traineruen denboraldiaurrearen azken txanpan murgildu dira arraunlariak. Asteburu honetan izango dira KAE-1, ETE eta KAE-2 ligetako lehen estropadak; 22an Eusko Label Liga hasiko da, eta 29an, Euskotren Liga.
Orioko hiru ontzik hartuko dute parte datorren sasoian; senior emakumezkoek Euskotrenen, senior gizonezkoen A ontziak Eusko Labelen, eta senior gizonezkoen B ontziak KAE-2 ligan. Hala, gizonezkoen B trainerua izango da lehena arraunak hartzen; igande honetan, ekainak 16, Lutxanan jokatuko dute lehen estropada.
Hiru taldeak, plazara
Larunbat honetan, ekainak 15, datozen hilabeteetan horiz jantzita arraunean arituko diren hiru taldeak aurkeztuko dituzte Orion, jendaurrean. 19:00etan jarri dute hitzordua, Orioko Plazan. Bestalde, Hemengatoztink kanpainaren barruan, traineruan beren izenak jartzeko eskaera egiteko aukera izango dute herritarrek. 18:00etatik 20:00etara jarriko dute horretarako gunea, eta OAEko kideek azaldu dutenez, kanpainaren azken egunak izango dira.