Maiatzaren 26an egingo dituzte udal eta foru hauteskundeak. Orion lau alkategai aurkeztuko dira: Lourdes Salsamendi (EAJ-PNV), Anuska Esnal (EH Bildu), Ana Priede (PSE-EE) eta Jose Anjel Iparragirre (Orain).
KARKARAren eskutik, lau hautagaiek mahai-ingurua osatuko dute maiatzaren 8an, asteazkena. Besteak beste, azken lau urteetako agintaldia, azpiegitura eta zerbitzu berriak, etxebizitza eta turismoa izango dituzte hizpide. 19:00etan emango diote hasiera saioari, eta Orioko Kultur Etxeko areto nagusian izango da.
Alkategaiei mahai-inguruan egingo zaizkien galderak proposatzeko aukera dute herritarrek. KARKARAk gaur, asteartea, ireki du proposamenak bidaltzeko epea, eta astelehenean itxiko du. Email bidez (karkara@karkara.eus helbidera) edo sare sozialetatik (KARKARAren Twitter, Facebook zein Instagram kontuetara), asteazkeneko saiorako interesgarriak iruditzen zaizkien galderak helarazi ditzakete oriotarrek.